Ekintza hartan parte hartu zuten lau lagunen kontrako epaiketa uztailaren 25ean hasiko da; urte eta erdiko espetxe zigorra eta 60.000 euroko kalte-ordaina eskatzen diote haietako bakoitzari
Abiadura Handiko Trenaren aurkako hainbat ekintzaile, Itsasondoko meategietan sartu eta kateatu ziren 2010. urtean. Haitzuloetako Aurkariak izena jarri zion taldeak bere buruari. Helburua, Ordizia eta Itsasondo arteko zatian egiten ari ziren leherketak geldiaraztea zen.
Lau lagun sartu ziren barrura, eta binaka, elkarri eskuak kateatu eta bidoi batzuetan sartuta, zementuz zigilatu ziren. Hainbat egun iraun zituen ekintza hark, eta azkenean, Ertzaintzak aurkitu eta atera arazi zituen.
Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Trenbide Sareak haien kontrako salaketa jarri zuten, “desordena publikoa” leporatuta. Urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen dute auzipetuetako bakoitzarentzat. Baita 60.000 euroko kalte-ordaina ere, “erantzukizun zibil” modura.