Gerriko kultur elkarteak garagardo azoka antolatu du, astebururako. Gaur irekiko dute, eta bihar eta etzi emango du alemaniar erako jan-edan zerbitzua, 19:00etatik 01:00a aldera arte, Lazkaoko plazako frontoian.Elkarteak 2013an antolatu zuen lehenengo ...
Gerriko kultur elkarteak garagardo azoka antolatu du, astebururako. Gaur irekiko dute, eta bihar eta etzi emango du alemaniar erako jan-edan zerbitzua, 19:00etatik 01:00a aldera arte, Lazkaoko plazako frontoian.
Elkarteak 2013an antolatu zuen lehenengo aldiz garagardo festa, lehenago beste batzuek egiten zutenaren txanda hartuta. Ateratzen diren diru etekinak euskalgintzari emateko konpromisoa jarri zuten, eta hala jarraitzen dute. Berria egunkariari laguntzeko, eta Gerriko elkarte beraren jardueretarako finantzazio iturri izango da.
Pintxo-potearekin hasiera
Gaur, osteguna, pintxo-poteo eguna denez Lazkaon, garagardo azokak ere bat egingo du. Zurito neurriko garagardoa eta txorizo pintxoa 1,50 euroan salduko dituzte. Gainontzean, 11 garagardo mota desberdin dastatu ahalko dira: lau artisau erakoak, eta beste zazpi garagardo komertzialak.
Lazkaoko feriara jende gehiena jatera hurbiltzen dela jabetu dira antolatzaileak, eta aurten ere eskaintzan ez dute amutsik. Saltxitxak bi motatakoak, txerri txonkoa, patata purea, patata minak, ijito-besoa eta izozkia edukiko dituzte.
Menua ere erosi ahalko da, bi lagunentzat, eta frontoian bertan egokituko duten jantokian jan. Bi saltxitxa, txonkoa purearekin, postrea eta bi pitxar garagardo sartzen dira. 28 euroko prezioa du biren afariak.