Lierniko erromeria egingo dute igandean ormaiztegiarrek
Nork bere mahaiak eta aulkiak igo beharko ditu udalaren kamioia erabilita
Ormaiztegiarrak Lierniara igo eta urteroko erromeria ospatuko dute igandean. Egun osoko egitarau oparoa prestatu dute udalak eta hainbat herritarrek elkarlanean. Erromeria 11:30ean hasi, eta iluntzera arte luzatuko da.
Salda eta txorizo dastaketa egingo dute hasteko (11:30ean), ondoren haurrentzako jolasak izango dira (12:30) eta meza nagusian Urmaiz abesbatzak kantatuko du (13:00). Bazkari herrikoiaren menua honakoa da: bakailaoa ajoarriero erara eta haurrentzako makarroiak tomatearekin (14:30). Erromeria Golden DJak gidatuko du (16:00) eta Lierniko XXII. Toka Txapelketa Herrikoian izena emateko tartea 17:45ean irekiko dute, txapelketa 18:00etan hasiko da. Saria bi lagunentzako otordua izango da Mujika jatetxean.
Oinez igotzeko edo autoak betetzeko eskaera egin du udalak. Nork bere mahaia eta aulkiak igo beharko ditu; udal kamioia 11:00etan igo eta 19:30ean jaitsiko da. Parrila publikoak erabilgarri izango dira. Lierniko jatetxeko aparkalekua libre uzteko eskaera ere egin du udalak.












