Ordiziaren 750. urteurrenaren harira, antzina azokan erabiltzen ziren neurrien inguruko "Pisuak eta Neurriak" erakusketa zabaldu dute D'Elikatuz gunean
Urteen poderioz, Ordiziako azoka aldatzen joan da. Neurriak, esaterako, geroz eta zehatzagoak bilakatu dira saltzaile eta erosleen mesedetarako. Bidean, hainbat neurtzeko sistema eta gailu erabili dira, eta horietako batzuk bildu dituzte D’Elikatuz gunean. “Pisuak eta Neurriak” erakusketa irailaren 14ra arte egongo da zabalik.
D’elikatuz gunean XVIII eta XX mende bitarteko neurgailuak ikus daitezke
XVIII eta XX mendeen bitarteko neurgailuak daude ikusgai. “Garai batean azokan halako neurgailuak erabiltzen ziren. Orain, neurketa sistemak aldatu eta hobetu egin direnez, alboratutako piezak dira, baina oso interesgarriak”, adierazi du Gema Lopez D’Elikatuz interpretazio zentroko teknikariak. Gipuzkoako gordailutik eta San Telmo museotik lortu dituzte pieza batzuk, baina asko bertako baserrietatik lortutakoak dira. Bost eremutan dago banatua erakusketa: luzera, bolumena, pisua, gainazal-neurriak eta atsotitzak. “Erakusketako piezak biltzen genbiltzala, jabetu ginen neurriei lotutako atsotitz asko dagoela bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Horiek ere jaso ditugu erakusketako osatzeko”.