Eskubaloia zezen plazan
Bihartik aurrera zezenek Iruñeako kaleak hartuko dituzte. Urretxuko eta Zumarragako eskubaloi jokalariek, berriz, Zumarragako zezen plaza hartu dute. Ez dira txoratu. Urola eskubaloi taldeak txapelketa bat antolatu du gaztetxoentzat, udalak
Atzo kimu eta haur mailako txapelketa jokatu zuten. Gaur, berriz, kadete mailako neska-mutikoek jokatuko dute (2002 eta 2003 urteetan jaiotakoek). Izen-ematea 15:00etan irekiko dute eta txapelketa 16:00etan hasiko da. Taldeak mistoak izan daitezke.
Urola eskubaloi taldeko arduradunak oso gustura ageri dira. «Eskubaloia kalera ateratzea gustatzen zaigu. Iazko txapelketa Zelai Arizti pilotalekuan antolatu genuen eta neska-mutiko askok parte hartu zuten», aipatu du Jose Angel Garcia Vara Urola taldeko presidenteak.
Aurten hondartza eskubaloi txapelketa antolatzea erabaki dute. «Iaz ere asmo hori genuen, baina ezin izan genuen aurrera atera. Aurten, udalari zezen plaza bi egun gehiago uzteko eskatu diogu. Hondartza eskubaloia ikusgarria eta akrobatikoa da».
Txapelketa honen helburua gaztetxoak zaletzea da. Baita Zumarragako Santa Isabel jaietatik geltokietako San Kristobal jaietara doazen egun hauetan gaztetxoei denbora pasa bat eskaintzea ere.
Kirola, festa eta kuadrilla giroa uztartu nahi dituzte. Eskubaloia kirol ikusgarria eta dibertigarria dela erakutsi. Hori dela eta, sariak ez dira ohikoak: irabazleek, garaikurrak jaso beharrean, pi-zzak eta freskagarriak jasoko dituzte, kuadrilla giroko afari-merienda egiteko.













