Ez da kasualitatea
Nerea Elustondo, Eli Pagola, Nerea Ibarzabal eta Miren Amuriza bertsolariak izango dira gaur Legazpin Uztakale programaren barruan eskainiko den ikuskizunaren protagonistak. Bertso musikatuak ...
Nerea Elustondo, Eli Pagola, Nerea Ibarzabal eta Miren Amuriza bertsolariak izango dira gaur Legazpin Uztakale programaren barruan eskainiko den ikuskizunaren protagonistak. Bertso musikatuak ditu oinarrian, eta Ez da kasualitatea du izenburua. Lau emakume bertsolariekin batera, bi musikari:?Ixak Arruti gitarrarekin eta Gari Otamendi bioliñarekin. Hitzordua 19:30ean da, Agirre-Etxeberri parkean.
Lau emakume bertsotan batera eta bakarrik ikustea ez da kasualitatea, eta hortik horrelako emanaldiei jarritako izenburua. Egitasmoa Martxoaren 8ko ospakizun baten harira sortu zen, 2009an, eta harrez gero makina bat bertso saio antolatu dira ezaugarri horrekin:?lau emakume bertsolari, eta emakume bat gaiak jartzen: Maite Berriozabal.
Nerea Elustondo ere aritu da horrelako saioetan behin baino gehiagotan, eta bere herriko hitzordurako egokitu zaizkion gainerako kideekin abestu badu ere, lehen aldia izango da laurak batera arituko direna.
Emakumearen ikuspegia
Elustondok dioenez, bertsoaren munduan ez da naturala emakumez soilik osatutako kartela osatzea, eta Ez da kasualitatea saioek badute aldarrikapen kutsua alde horretatik, baita feminismo puntua ere. Hori dela eta, gizonezkoak nagusi izaten diren ohiko bertso saioetan ez bezala, emakumearekin zerikusia duten gaiak jorratu daitezke, hala nola, zaintza, hilekoa, menopausia, haurdunaldia… edota egunerokotasunarekin lotutako gaiei beste ikuspegi bat eman, emakumezkoena, feminista.
Publikoaren gehiengoa ere emakumezkoek osatzen dutenez, eta formato txikiko bertso saioak izanda, musikak lagunduta gainera, konplizitatea eta «giro beroa»sortzen dela dio bertsolari legazpiarrak.
Legazpiko saioa
Ezaugarri horiei guztiei eszenatokia erantsi behar zaie Legazpiko gaurko saioan, izan ere, Agirre-Etxeberri parkean egingo da Ez da kasualitatea bertso musikatuen saioa, aire librean eta zuhaitzez inguratuta. Horixe publikoa erakartzeko nahiko «amu» izan daitekeela esan du Elustondok, baina ez da ahaztu behar herritarra dela bera eta ekitaldi hau sustatzen duen Bertso-Olariak bertso elkarteko kidea ere bai.
Beraz, osagaiak ez dira falta giro ezinhobean bertsolaritzaz gozatzeko gaur arratsaldean.
Uztakale
Ekainaren 26an hasita, bere ibilbidearen zatitxo bat egin du jada Uztakale egitarauak. Uztailaren 20ra arte, ordea, geratzen da oraindik zertaz gozatu Legazpin.
- Jolas parkea. Uztailak 10, asteartea.?Ludoteka, puzgarriak, gizaki-futbol-mahaia… Euskal Herria plaza, 17:00-20:00.
- Musika. Uztailak 11, asteazkena. Moltovivace Brass Band taldearen ‘Jazz & Fusion Music’ ikuskizuna. Laubide, 19:00.
- Zirkua eta antzerkia. Uztailak 12, osteguna.’Haiek naiz’ ikuskizuna Rojo Telon taldearekin. Kale Nagusia, 19:30.
- Musika jaialdia. Uztailak 13, ostirala.‘Baratze bat nahi dizut egin’ Herri Sahararraren aldeko elkartasun jaialdia, Legazpiko musika taldeekin. Bikuña kiroldegia, 19:00.
- Ikusentzunezkoa. Uztailak 14, ostirala. ‘Natura’, Ikatzako argazkilariekin. Azoka, 22:30.
- Erraldoiak eta buruhandiak. Uztailak 17, asteartea. Urolatarrak txarangak lagunduta. Erdigunea, 19:00.
- Musika. Uztailak 18, asteazkena. material birziklatuak musika tresna bihurtuta, Trakamatraka taldea. Laubide, 19:00.
- Kale ikuskizuna. Uztailak 19, osteguna. ‘Sagartu’, Hika teatroa & Ohinkari Dantza taldeak. Kale Nagusia, 19:00.
- Erromeria ibiltaria. Uztailak 20, ostirala. Elustondo anaia-arrebak trikitilariak, Korosti dantza taldea eta herritarrekin. Erdigunea, 18:30.
- Ikusentzunezkoa. Uztailak 20, ostirala. ‘Bidaiak’, Ikatzako argazkilariekin. Azoka, 22:30.