Zortziko airea Cincinnatira
Txanbela otxoteak musika jaialdi ospetsu batean parte hartu du AEBtan, Ohio estatuko hiriburuan. Euskal folkloreko herri abestiak kantatu dituzte, Juanjo Mena jaialdiaren zuzendariak gonbidatuta
Txanbelak jaialdiaren zuzendaritzaren aurrean ere kantatu du. Bi kontzertu zuzendu zituen Menak, eta emanaldiaren aurreko harrera garaia girotzen aritu dira bi kasuetan. “Ikaragarria da Mena zuzentzen ikustea. Oso ona da, eta dantza egiten zuen zuzentzeko garaian. Kantatzen ere oso ona da”. Erresuma Batuko BBC komunikazio taldeko musika orkestraren zuzendaria ere bada, kargu hori aurki utziko duen arren. Txanbelakoek ikusi ahal izan dute”bide onetik” ekin diola Cincinnatiko lanari. Harrituta itzuli dira AEBetan musika babesteko daukaten moduarekin. “Euskal Herrian enpresek jartzen dute dirua babesle gisa; han, berriz, pertsonek. Musika egitarauarekin batera azaltzen dira, gainera, izen guztiak, ekarpenaren arabera sailkatuta: 10.000 dolarrera arte nortzuek eman duten, 20.000ra artekoak, 100.000ra artekoak…”. Ahotsaren koloreak, lilura Txanbelak harrituta utzi ditu Cincinnatiko herritarrak kantuaren mailarekin. “Gizonezkoen ahotsaren kolorea” izan da bereizgarria batik bat. “Ia-ia Donostiako Orfeoiaren parekoak ziren hango koruak. Emakumeek oso ondo abesten zuten, baina gizonei tinbrea falta zitzaien. Gu tinbrez sobera joan gara. Alde horretatik, jendea harrituta geratu da gurekin”, gaineratu du Barriolak. Otxotearen kantaera oso zaila dela azpimarratu du. “Ez da erraza. Gezurra badirudi ere, hiru pertsonaren arteko ahots konjuntzioa errazagoa da bi pertsonaren artekoa baino. Oso zaila izaten da bi ahots batzea eta biek bat egitea. Hirurekin asko aldatzen da kontua, eta, orfeoian, errazagoa da hogei tenore batera menderatzea bi bakarrik menderatzea baino”. Cincinnatira joan aurretik, hilero entsegu bat egiteko elkartu ziren Txanbelako kideak, eta, handik bueltan, hiruzpalau emanaldi gehiago egiteko aukera sortu zaie orain. Konpromiso horiek beteko dituzte laster. “Jarraitzekotan, errepertorioa aldatu beharko litzateke, eta koruaren kalitatearen inguruan hitz egin. Oso arrunta eta ezaguna da otxoteen kantu zerrenda”. Izan ere, paradoxa dirudien arren, kantuek berez duten erraztasunak areagotzen du otxotearen kalitatea gehitzeko zailtasuna. “Gauza bereziren bat” egiteko, musikaltasunean irabazi beharra dagoela dio Barriolak. “Gauzak goxoago abestea da gehigarria”. Etorkizuna etorkizun, Cincinnatiko esperientzia aberatsa izan dela aitortu du Txanbelako kideak. “Oso jende jatorra elkartu gara, eta polita izan da egonaldia. Zortzi egun egin ditugu han, eta, oso emanaldi motzak izan ditugunez, turismoa egiteko aukera ere izan dugu”.“Tinbrea falta zitzaien hango koruetako gizonen ahotsei. Guk sobra ere bagenuen eta horrek harritu gaitu”
“Hogei ahots batera menderatzea errazagoa da bi menderatzea baino. Hori da otxoteen zailtasuna”
Xabier Barriola (Abeslaria)