Koboloi eta Miszelania dendek kalitate bereizgarria jaso dute gaur. Denden nortasuna, originaltasuna eta bezeroarekiko arreta saritzen dute, besteak beste.

Mireia Estebez (Koboloi) eta Ainitze Korta (Miszelania) alde banatan, ziurtagiriekin. // A. Apalategi
Nortasuna duten dendak, xehetasun guztiak eta bezeroa bereziki zaintzen dituztenak. Horrelakoak dira Singular Dendak. Eta Lazkaok ere, baditu bereak. Koboloi eta Miszelania Concept Store dendek gaur jaso dute Singular Dendak bereizgarria, Lazkaoko udaletxean egin duten ekitaldian. Aurretik, Urretxu-Zumarragan eta Beasainen eman dituzte ziurtagiriak, eta aste honetan bertan, Ordizian ere banatuko dituzte.
Lazkaoko kasuan, udalak herriko merkataritza laguntzeko bultzatu dituen proiektuen artean kokatu du egitasmoa Iñaki Estensoro zinegotziak. “Udaletik 2015-19 urteetarako onartutako kudeaketa planaren barruan, ildo estrategiko batzuk onartu genituen, eta horietako bat zen merkataritza eta zerbitzuak bultzatzea. Bide horretan, fidelizazio kanpainak eta erosketa bonoak bultzatu ditugu, eta baita negozio berriak irekitzeko laguntzak eman ere”. Ekimen horiekin, “sektorean eta herritarrengan eragin” nahi dutela azaldu du Estensorok. Sektorean, “herriko eskaintza indartu eta ezagutarazteko” asmoz; eta herritarrengan, “kontzientziazio helburu bat” ere baduelako, “merkataritzak herria bizirik” mantentzen duela jabetzeko behar bat.
Rosa Martin Gipuzkoako Merkatarien Elkarteko kide eta Singular Dendak egitasmoaren arduradunak berriz, “Lazkaoko merkatariekin eta Goierriko taldearekin lan egitea plazera” izan dela azaldu du. Eta ekimen horren helburua, ez dela “ziurtagiri edo bereizgarri soil bat” ematea, baizik eta “dendarientzat pizgarri bat” izatea, “konpromiso bat” har dezaten, “bai beraien negozioarekin eta baita bezeroekin ere”.
Singular Dendak egitasmoa martxan jarri zutenetik, Gipuzkoako 105 dendak bat egin dute, eta urtea bukatzerako kopuru hori 200ekoa izatea nahi dutela aurreratu du Martinek.