Imanol Diego (Zumarraga, 1999) Medikuntza ikasten ari da Polonian. Espainiako unibertsitateetan ez zuen tokirik lortu eta hara joatea erabaki zuen. Oso gustura dago hartutako erabakiarekin. Beti oso argi eduki al
Imanol Diego (Zumarraga, 1999) Medikuntza ikasten ari da Polonian. Espainiako unibertsitateetan ez zuen tokirik lortu eta hara joatea erabaki zuen. Oso gustura dago hartutako erabakiarekin.
Beti oso argi eduki al duzu Medikuntza ikasi nahi zenuela?
Txikitan, ume guztiek bezala, futbolaria, astronauta, suhiltzailea… izan nahi nuen. Erabakia hartzeko unea heldu zenean, zalantza izan nuen: medikua edo informatikaria. Azkenean, Medikuntza ikastea erabaki nuen.
Zergatik?
Nire ama erizaina da eta, beharbada, horrek eragina izan du. Dena den, betidanik gustatu zait giza gorputza aztertzea. Biologia nire ikasgai kuttunen artean zegoen.
Medikuntza ikasteko oso nota ona behar da, ordea.
Ez nuen oso nota altua eta ez nuen unibertsitate publikoan sartzea lortu. Azkenean, Poloniara joatea erabaki genuen. Izan ere, esperientzia ona izango zela pentsatu genuen: ingelesa hobetuko dut, beste kultura bat ezagutuko dut…
Zein unibertsitatetan zaude?
Wroclaw hiriko unibertsitatean nago. Oso gustura nago. Poloniako bigarren hiri handiena da.
Zer moduz moldatu zara lehen ikasturte honetan?
Oso ondo. Ingelesez ikasten dut. Poloniako unibertsitateetan toki batzuk gordetzen dituzte ingelesez ikasi nahi dutenentzat. English Division deitzen diote eta ikasle gehienak atzerritarrak gara. Polonieraz ez dakigunez, gure artean ere ingelesez egiten dugu. 150 lagun inguru gara.
Non bizi zara?
Ikasle egoitza batean. Oso ondo moldatzen naiz.
Zer iruditu zaizkizu Polonia eta unibertsitatea?
Poloniarrak hotzagoak izango zirela uste nuen. Bestalde, negua ez da espero bezain gogorra izan. Hotza egin du, baina ez du euririk egin ia. Hemen baino hezetasun gutxiago dagoenez, hotza jasangarriagoa da. Unibertsitateari dagokionez, asko gustatu zait. Izan ere, herrialde askotako jendea dago. Gainera, Poloniako unibertsitateak ospe ona du. Nire unibertsitatean, adibidez, alzheimerra aurkitu zuenak ikasi zuen. Nobel saria irabazi duten lauzpabost zientzialari pasa dira bertatik.
Zergatik aukeratu zenuen Wroclaw-ko unibertsitatea?
Varsoviako unibertsitate batean ere egon ginen, baina oso zorrotzak eta erlijiosoak direla esan ziguten. Izan ere, Polonian erlijioak indar handia du. Wroclaw-koak izan ziren erantzuten lehenak. Unibertsitate ona denez, Alemaniatik gertu dagoenez eta eguraldia Poloniako beste toki batzuetan baino epelagoa denez, hona etortzea erabaki nuen.
Zertan nabaritzen da erlijioak Polonian duen pisua?
Unibertsitateko gela batzuetan sinbolo erlijiosoak daude, adibidez. Bestalde, erlijioarekin lotutako jai egun asko daude. Gabonak oso serio hartzen dituzte.
Zure unibertsitatean euskaldun gehiago ba al daude?
Ni naiz euskaldun bakarra. Klaseko gehienak alemaniarrak dira. Suediarrak eta arabiarrak ere dezente daude.
Alemaniarra ikasten ari zara.
Duela lau bat urte hasi nintzen. Nire anaiak hasi ziren ni baino lehenago. Beharbada, hemendik urte batzuetara alemana beharko dut. Inork ez daki zer gertatuko den hemendik urte batzuetara. Frantsesa, beharbada, ez da orain arte bezain garrantzitsua izango.
Polonieraz hitz egiten al duzu?
Unibertsitateko ikasgaien artean, poloniera dugu. Dena den, oker ez banaiz, lehen bi ikasturteetan bakarrik da derrigorrezkoa. Oraindik ez dut oso ondo hitz egiten, baina Polonian oso jende gutxik hitz egiten du ingelesez eta nola edo hala moldatzen naiz.
Zer iruditu zaizu Poloniako bizimodua?
Eguraldiagatik-edo, herrialde triste samarra iruditu zait. Gainera, jendea ez da oso irekia. Dena den, ez dugu harreman handirik bertakoekin. Izan ere, gure taldeko guztiak kanpokoak gara.
Ikasketak han bukatuko al dituzu?
Hirugarren urterako, EHUko ikasle askok Medikuntza ikasketak uzten dituzte eta beraien tokiak libre gelditzen dira. Nire asmoa hirugarren urtean Euskal Herrira itzultzea da. Ordurako Leioako campusera trasladoa eska dezaket. Seguru aski, hori egingo dut. Dena den, Polonian oso gustura banago, ez dago zertan itzuli.
Zein espezialitate egingo duzun pentsatu al duzu?
Ez. Inoiz anestesista izatea pentsatu dut, baina oraindik ez dut erabakia hartu. Lehen urtean ikasketak oso orokorrak dira. Ikasgaietan murgildu heinean, erabaki bat hartzeko gai izango naiz.
Nola ikusten dituzu Euskal Herriko gazteak?
Atzeratu samar gaudela uste dut. Beste herrialdeetan askoz ere arruntagoa da atzerrira joatea ikastera. Hemen, ordea, oso jende gutxik egiten du hori. Baina oso esperientzia aberasgarria da.