Euskal preso politikoen egoera hobetze aldera sortu du Sarek Orain Presoak dinamika. Goierritik ere pasako da lau etapatan banatutako presoen aldeko bizikleta martxa
Konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako eszenatoki egoki baten bila, Sare plataformak Orain Presoak dinamika aurkeztu zuen atzo, Ordiziako Plaza Nagusian. Batetik, ekainaren 3an egindako adierazpena irakurri zuten bertaratu ziren herritarrek. Horrez gain, dinamika berri horren barruan antolatutako bizikleta martxa ere aurkeztu zuten. Bestalde, datorren urriaren 20rako antolatzen ari diren manifestaziora joateko dei egin zieten herritar guztiei.
Datorren uztailaren 20an, Mont de Marsan (Frantzia) espetxetik abiatu eta Zaballako (Araba) espetxean amaituko den bizikleta martxa aurkeztu eta «ekimen honen bitartez, une honetan euskal presoei egozten zaien salbuespen egoerarekin amaitu beharra» dagoela aldarrikatu zuten prentsaurrean; «urrunketa politikak zuzen-zuzenean senideen kolektiboan eragiten duen sufrimendua» nabarmenduz.
Izan ere, «egun, jadanik ETAk existitzeari utzi dion arren, 282 euskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrora». Espetxean dauden pertsona horiei, «euren eskubideen jabe izan arren, Espainiako zein Europako legedien aurka doazen salbuespen neurriak ezartzen» zaizkiela salatu du Sarek. Eta presoa ez ezik «senideak, bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak ere zigortzen» dituztela ere esan zuten.
Sarek, konpondu beharreko ondorengo lau lehentasunak nabarmendu ditu: «urruntze politikarekin bukatzea, larriki gaixo dauden presoen artatzeko eskubidea, zigorren batuketa eta lehen graduen aldaketa.»
Bizikletaz lau etapa
Uztailaren 20an abiatuko den bizikleta martxari dagokionez, lau etapatan gauzatuko da; Mont de Marsanetik Baionara, Baionatik Donostiara, Donostiatik Altsasura eta, azkenik, uztailaren 23an, Altsasutik Zaballara.
Goierritik ere pasatuko da presoen aldeko ekimena, hirugarren etapan hain zuzen ere. Parte hartu nahi dutenek, uztailaren 22an, igandean, 12:45ean Legorretako tren geltokira inguratzeko deia egin dute. Handik Itsasondora joko du martxak eta Ordizian geldialdia egingo dute 13:30etik 15:30era. Zuhaiztian bazkalduko dute eta 15:30ean abiatuko dira. Beasain, Olaberria, Idiazabal, Segura pasata 16:30a inguruan, Zegamarra iritsiko dira. Eguneko etapari Otsaurtetik Altsasura iristean emango zaio amaiera.