Zumarragako ospitaleko aparkaleku berriko obra abian da. 203 autorentzako tokia izango du eta urte amaierarako prest egotea espero da. Mikel Serrano alkateak prentsaurrekoa egin zuen atzo obran bertan. «Udalak urte
Zumarragako ospitaleko aparkaleku berriko obra abian da. 203 autorentzako tokia izango du eta urte amaierarako prest egotea espero da.
Mikel Serrano alkateak prentsaurrekoa egin zuen atzo obran bertan. «Udalak urte asko daramatza aparkaleku hau egin nahian eta obra abian da azkenean. Osasun sailaren 2015eko aurrekontuetan aparkaleku hau egitea aurreikusten zen, baina arrazoi ezberdinak medio, azkenean ez zen egin».
Azkenean, Ingurumen sailaren laguntzarekin egingo da. Lehiaketara zortzi enpresa aurkeztu ziren eta udalak Campezori esleitu zion obra. 588.000 euroko aurrekontua izango du.
Lanek bost edo sei hilabete iraungo dute, eguraldiaren arabera. Hala, urte amaierarako edo datorren urte hasierarako prest egongo da.
Aparkalekua 8.000 metro koadroko lursail batean egingo da, Iturbene baserria zegoen tokian. Lursail hau kanpoko kontsulten eraikin berriaren eta geriatrikoaren artean dago. Hala, aparkalekura bi tokitatik sartu ahal izango da: ospitaleko sarreratik eta geriatriko aldetik.
Serranok aparkalekua «beharrezkoa» dela esan zuen. Izan ere, ospitaleko aparkalekuak aspaldi gelditu ziren txiki. Kanpoaldean beste bat egin zen, baina hori ere bete egiten da. «Zumarragako ospitaleak eskualde ezberdinetako 100.000 laguni ematen die zerbitzu. Beraz, gaurkoa egun handi bat da zumarragarrontzat, baina baita inguruko herrietako bizilagunentzat ere».
Ospitalean, Zumarragako Udalaren ekimenez, hobekuntza asko egin direla gogoratu zuen. «Azken urteetan kanpoko kontsultetako eraikin berria eta erresonantzia magnetikoa egin dira. Aparkalekua ez da beste bi hauek bezain garrantzitsua, baina beharrezkoa da».