«Haurrek mitologia barneratu dute, Ataunen behintzat lortu da»
Mitologia bizigai ezinbestekoa da Maitane Aizpuruaren (Ataun, 1972) historian. 9 urterekin irten zen estreinakoz Jentilen Etorreran, lehenengoan. Hamabi urtetik, sorgin paperak ...
Mitologia bizigai ezinbestekoa da Maitane Aizpuruaren (Ataun, 1972) historian. 9 urterekin irten zen estreinakoz Jentilen Etorreran, lehenengoan. Hamabi urtetik, sorgin paperak egin ditu, azken aldi luzean Marimundukori bizia emanez. Pasioz irensten ditu mitoak, baina helburu duin batekin birziklatzeko: aire berritu, eta emakumeari indarra eman. Antzinako emakumeen eta sorginen benetako izaera aldarrikatzeko.
Nola gogoratzen duzu lehenengo Jentilen Etorrera?
Nik 9 urte neuzkan. Jentil atera nintzen. San Martingo festei hasiera emateko modu ganberro bat izan zen, txupinazo bat bezala zen. Urteak pasatu ahala, indarra hartzen joan zen.
Giro berezia izango zen, ala? Jentilak, sorginak, gaua…
Ume batentzat, pentsa. Gauez ohera joan gabe egotea, menditik zuziekin jaistea… Frantxesita hots egiten zioten emakume bat sorginez atera zen; ile zuri-zuria zeukan, gerrira artekoa. Hura ikusi nuenean sorgin hartaz maitemindu nintzen, handik aurrera sorgina izan nahi nuela esan nuen. Oso-oso berezia zen.
Ataundarrek mantendu duzue mitologia. Lehen batzuek biltzen egin zuten lana; orain, transmisio lanean zabiltzate.
Umeek barneratu dutela ikusi da. Guri, txikitan, ez zizkiguten jentilen historiak hainbeste kontatzen. Aitona-amonaren batek, familiaren edo baserriren batean bai agian, baina gutxi. 1970eko hamarkadan etena egona zen jada. Mundu horretan sartzea izugarria iruditu zitzaidan. Orain, umeak errekreoan jolasean dabiltzanean bat jentila dela, beste sorgina aritzen dira. Barneratu dutela esan nahi du. Nire 11 urteko alabak mitologiaz daki garai batean heldu batek baino gehiago.
Helburua hori zen, ezta?
Bai. Ataunen behintzat lortu da. Hemendik kanpora ez dauka halako oihartzunik eta indarrik mitologiak. Baina denbora kontua da; jendea kanpotik hona etortzen da, Diman hasi dira antzeko gauzak egiten, Olentzeroren etxea ireki zuten… Pixkanaka zabaltzen ari da.
Urtean zehar zenbat ekitaldi egiten diren ikusi besterik ez…
Bai, bola handitzen ari da, eta niri kezka ematen dit. Gauza askotan ari gara sartzen, eta jende berdina gara. Lan asko da.
Nola antolatzen zarete?
Jentilbaratza elkartean zuzendaritza bat dago, eta beste azpitalde batzuk gero. Gidoilaria bakarra dugu, Jon Aizpurua, eta lana tokatzen zaio… Ipuin kontaketetakoak nik idazten ditut.
Gauza bat mitoak lantzea eta xehetzea da. Beste bat horiek eszenaratzea. Antzerki konpainia baten pareko lana da, ia.
Bai, jende guztia bilatu behar da. Horretaz Tomas Erauskin arduratzen da: dantza taldeari koreografiak eskatu, abesbatzarekin hitz egin, eskolara ume bila joan, elkarteetan atea jo…
Gaueko Ibilaldi Mitologikoan sortzen den xarmak balio du, hala ere, lan guztiaren ordaina.
Gauez den guztia ederra da. Batzuk kexatzen dira berandu bukatzen dela. Aurten, bi bukaera egingo ditugu. Baina ezin da erraz kalkulatu ibilbidea, jendea kokatzen asko kostatzen da. Etorri behar duenak beste mentalitate batekin etorri behar du: ‘gau giro ederra dago, bihar ez dago lanik eta eskolarik, erlaxatu eta ondo pasa dezagun’. Horrela etorri behar da.
«‘Frantsesita’ hots egiten zioten bat sorginez atera zen, 9 urte nituela; hura izan nahi nuen»
«Mitologiaren zabalkundeak ez du mugarik. Oraindik gauza asko egin litezke»
«‘Tronuen jokoa’ edo gehigorako ematen duten pertsonaiak eta historiak ditugu»
«Gidoiak idazteko, jakinduria handia du Jon Aizpuruak, plazera da hari historiak entzutea»
Marimunduko sorginarena egiten duzu. Txikitako nahia, bete?
Bai. 12 urterekin hasi nintzen sorgin ateratzen, eta geroztik ez dut urte bat galdu. Hasierako sorgin buruek erreleboa pasatu ziguten, eta orain ezin guk aurkitu. Nik ere egin nahi ditut beste paper batzuk! Ia aspertuta nago! [barrez]. Jende gaztea sartu behar da, eta gu atzeko lanera pasatu: idaztera, beste lan eta paper batzuetara.
Badator belaunaldi gazterik?
Duda daukat. Umeak badira, baina nerabezaroan eten bat dago, galdu egiten ditugu. Lotsa ematen die. Zulo bat dago hor, bete ezin duguna. Unibertsitatetik bueltan, jada lotsa galtzen dute, antzezteko gogoa badute. Aktoreak hainbestean bila litezke, baina ni gehiena kezkatzen nauena gidoilariaren erreleboa da.
Zergatik?
Idazteko moduagatik. Nik ezin dut Jon Aizpuruak bezala idatzi. Euskara motarekin gertatzen dena da: adinekoek euskara bat daukate, jada guk ez daukaguna; eta guregandik seme-alabetara ez dagoena. Hitzak, esaundak… jankinduria bat dago hor. Jon Aizpuruari iritsi zaio, Joxemiel Barandiaranekin izugarrizko harreman estua izan zuelako; zuzenean informazio asko jaso zuen. Asko daki, eta berari entzutea plazera da. Gure erronka nagusia da.
Kontaera, hizkera, euskara maila… Transmisiorako eskola sortzeko beste aitzakia bat?
Ipuin eta marrazki lehiaketa, neurri batean, helburu horrekin sortu genuen. Ea zerbait ikusten genuen, ea gustatzen zitzaigun norbaiten idazteko modua. Aurkitu genuen bat, baina oraindik oso gaztetxoa da. Ez da lehendik jaso duguna zabaltzea bakarrik, aire berriak ere sartu nahi ditugu.
Proiekzio handia izan dute Ataungo mitoek.
Toti Martinez de Lezea etorri zen iaz Mitoaldira, Paul Urkijo zuzendaria aurten. Badu pertsona mitologikoekin zerbait errodatzeko asmoa. Euskal Herrian eta mundu osoan ari dira zabaltzen guk umetan hemen irakurtzen genituen ipuinak. Jende hau ezagutzea oparia da.
Mitologiaren zabalkunde hau noraino hel liteke?
Mugarik ez dauka. Lantalde zehatz baten esku dago, eta gure betebeharra da lanerako grina zabaltzen jarraitzea. Gure irudimenak hegan egiten du, baina Tronuen Jokoa-ren antzeko zerbaiterako eta gehiago ematen duten pertsonaiak eta historiak dauzkagu. Zenbat gauza egin litezkeen Herensuge, Gaueko, Inguma-rekin. Asmotxo desberdinak badauzkagu: bideo batzuk grabatu eskoletarako, ipuin bildumak… Oraindik gauza asko egin litezke.
«Guk jaso ditugun historia guztiak kristautasunaren iragazkitik pasatuta daude; aire freskoa sartu behar da»
Mitoak bizirik daudela esan ohi dute ataundarrek. Ibilian dabiltz, belaunaldiz belaunaldi bidaian, baina giza-talde bakoitzaren ekipajea erantsita. «Ahozkotasunak horixe dauka: gure aitona-amonei kontatu zieten ipuin bat, lepoa jarriko nuke aurretik ez zela berdin-berdin kontatzen. Hari nagusia ziurrenik bai, baina detaileak eta bakoitzak eransten dizkio. Belaunaldi bakoitzak badauka tarte bat lantzen jarraitzeko, guk ere bai», dio Maitane Aizpuruak. Gauza batzuk aldatu beharrekotzat jotzen ditu: «Guk jaso ditugun historia guztiak kristautasunaren iragazkitik pasatuta daude. Orduan, emakumearen papera galdu egiten da: Mari jainkoaren indarra lausotu egiten da, ipuinetan protagonista gehienak gizonak dira, neskak alferrak dira edo lotsagabeak… Mito horiek jaso ziren belaunaldiaren isla dira. Orduan, aire freskoak sartzea ere ondo dago, eta historia batean neskatoa protagonista jarri».
Sorginen irudia da beste adibide bat. Marimunduko pertsonaia bera, Ataungo sorginen buruzagia, ‘gaiztoa’ da definizioz; ekaitz sortzailea, sabeleko haurren galtzailea, umeen beldurgarria, beltzez jantzia. «Baina bere barruan daude gure aurreko emakume haiek guztiak. Zeren, sorgin beltz hori, azken batean, sorgin deitu izan ziren emakume haien isla bat da; sufritu zuten emakume haiek guztiak daude azpian. Nik hori azaldu nahi dut, eta umeek segituan ulertzen dute», dio Marimunduko bizitzen duenak.