Kalebarrenen aurreikusi baino 64 etxe gehiago egin ahal izango dira
Zumarragako Udalak Kalebarreneko Z-4.1 Plan Bereziaren testu bateratua onartu du. Honen arabera, 186 etxebizitza egin ahal izango dira: aurreikusitakoak baino 64 gehiago. Plan Bereziaren helburua Kalebarreneko alde zaharrena zaharberritzea da.
Zumarragako Udalak Kalebarreneko Z-4.1 Plan Bereziaren testu bateratua onartu du. Honen arabera, 186 etxebizitza egin ahal izango dira: aurreikusitakoak baino 64 gehiago.
Plan Bereziaren helburua Kalebarreneko alde zaharrena zaharberritzea da. Horretarako, bizilagunei 122 etxebizitza egiteko aukera eman zitzaien. Egun, 53 daude. Asteartean onartutako testu bateratuak (hasierako onespena izan zen) 186 egiteko baimena ematen du. Lurzoru berean etxe gehiago egin ahal izateko, hauek hasierako testuan jasotakoa baino txikiagoak izango dira.
Gainera, eraikinaren azpian garajeak egiteko aukera ematen da. 237, hain zuzen ere. PSE-EEk eta EH Bilduk alde bozkatu zuten eta EAJ abstenitu egin zen. Izan ere, jeltzaleek Kalebarreneko bi zonaldeak batera lantzea nahi dute.
Astearteko osoko bilkuran Legazpi 2ko hirigintza hitzarmenari ere hasierako onespena eman zioten, aho batez. Hitzarmen honetan jasotakoaren arabera, Baltasar Suarez enpresak Kooperatibaren etxea botako du eta bere tokian hamabost etxebizitza eta beste horrenbeste garaje egingo ditu.
Eraikin berria Legazpi kaleko gainontzeko eraikinen parean egongo da. Oraingoa aurrerago dago eta hala, bere aurreko espaloia estuagoa da. Bestalde, Galeperrako pasealekua Klara Larrañaga parkeraino luzatu ahal izango da.
Goialdea
Astearteko osoko bilkuran Zumarraga goialdeko urbanizazioaren zortzigarren fasea ere hizpide izan zuten. Zortzigarren fase honetan geriatrikotik bihurgunera doan zatia berrituko dute. Aurrekontua 258.000 eurokoa da.
GI-2632 errepidearen ondoan egingo den bidegorriaren berri ere eman zuten. Bidegorri hau hiru zatitan egingo da: Eitzatik ospitaleko errotondaraino, ospitaleko errotondatik industrialdeko sarreraraino eta industrialdeko sarreratik Kaminperaino. Azken zati hau egingo dute lehenengo.
Obra hau urrian edo azaroan hasiko da eta bere aurrekontua 204.000 eurokoa izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun departamentuak 75.000 euroko diru laguntza emango du eta Europari ere laguntza eskatu behar zaio. Obra hau ere urrian edo azaroan hasiko da. Helburua oinezkoen segurtasuna bermatzea da.
Bukatzeko, astearteko osoko bilkuran Irisgarritasun Planaren eguneratzea ere onartu zen. Honakoa bigarren eguneratzea da. Plan hau 2009an diseinatu zuten, eta jasotako aktuazio guztiak aurrera ateratzeko 12,7 milioi inbertitzea aurreikusten zuen. Dagoeneko 5,2 milioi gastatu dituzte.