Hasi da MariMurumendi Maratoia
Larunbat goizaldeko ekaitzak Ehunmilak eta Goierriko 2 Handiak probak eragotzi bazituen ere, MariMurumendi maratoiari eutsi egin diote antolatzaileek. Parte-hartzaile kopurua (265) berehala bete zen, eta gaur 09:00etan puntuan berrehundik gora abiatu dira, Beasaingo plazatik. 42 kilometroko bidea dute aurretik.
Irten aurretik, mendi maratoiaren zuzendari Mikel Valdibielsok korrikalariei iragarri die eguerdirako eguraldi aldaketa dagoela aurreikusita, gaurko ere. Ekaitz arriskuak azkenera arte jarraituko du, beraz. Euskalmeten partearen arabera, Beasain inguruan arratsaldean ezegonkortasuna handituko da, eta ekaitza lehertzeko arriskua dago. Zaparradarik handienak 17:00etatik aurrera izango direla dio meteorologia agentziak. Marimurumendi bukatzeko 8 orduko denbora dute, gehienez (17:00ak arte).
Gurutze Gorriaren eta antolakuntzaren mediku eta erreskate zerbitzuak adi dira, gaur ere. Lau medikuk, lau erizainek eta hiru anbulantziak jarraituko dute mendi maratoia.
Ibilbideari dagokionez, Agortatik gora, Pagorriagara eta Kizkitzara joango dira aurrena; handik, Atxurtza, atzera Kizkitzara, eta Arriarandik barrena Beasainera itzuliko dira berriz. Probak 2.300 metroko desnibel positiboa du.
265
mendi lasterkari. Marimurumendi mendi maratoiaren 4. ekitaldian 265 lagunek hartuko dute parte: 216 gizonezkok eta 49 emakumezkok. Euskal herritarrak. Gehienak euskal herritarrak dira, 148, eta herena goierritarrak 50. Horietatik 125 gizonezkoak, eta 23 emakumezkoak. Gipuzkoakoak 95, Bizkaikoak 32, Arabakoak 13 eta Nafarroakoak 8 dira. Estatu mailakoak. Estatutik 111 korrikalari izango dira Marimurumendi maratoian: 89 gizonezko eta 22 emakumezko. Herrialde Katalanetakoak dira gehienak, 57: Tarragona (17), Valentzia (9), Bartzelona (8), Balear Uharteak eta Castello (7na) eta Girona (4). Andaluzia (17), Gaztela Leon (10), Aragoi (8), Madril (7), Galizia (5), Murtzia (4), Gaztela-Mantxa (2) eta Errioxa (1) dira beste herrialdeak. Estatuz kanpokoak. Estatutik kanpoko sei atleta ere irteera puntuan izango dira: Suediako bina gizonezko eta emakumezko, eta Amerikako Estatu Batuetako (AEB) eta Ingalaterrako emakumezko bana.