Udako familiak
Lau haur, lau familia. Sahararrek Aljeriako Tindufen dituzten errefuxiatu kanpalekuetatik Goierri garaira iritsi diren ume kopurua da eta hartu dituzten familia kopurua. Lau. ...
Lau haur, lau familia. Sahararrek Aljeriako Tindufen dituzten errefuxiatu kanpalekuetatik Goierri garaira iritsi diren ume kopurua da eta hartu dituzten familia kopurua. Lau. Garai batean hamabost ere izan ziren eta kopuru haren aldean, ez dago zalantzarik, lau oso gutxi da. Zifrak, hala ere, albiste on bat ezkutatzen du lau familia horietatik hiruk lehenengoz hartu baitute euren etxean haur saharar bat.
Astebete da umeak iritsi direla GoiBerrik familiak elkartu dituenean. «Lehenengo astea gogorrena da», dio Patxi Otaegi Hare Haizeako –Goierri garaian saharar herriaren alde lanean ari den elkartea da– kideak eta aspaldi haurrak etxean hartu dituen legazpiarrak. Hiru familia legazpiarrak dira eta bat zumarragarra.
Encarna Prietok eta Javier Arrietak Ali izeneko mutikoa dute etxean eta pozarren daude. Zergatik animatu diren galdetuta hala erantzun du Arrietak: «Bizitzaren aurreko jarrera bat da, elkartasuna oinarri duena, besteak aintzat hartzen dituena. Haurrei buruz ari gara, gainera!».
Arrietak eta Prietok kalean izan zuten saharar haurrak hartzeko aukeraren berri, Hare Haizea elkartearekin harremanetan jarri ziren informazio eske eta emaitza, bizikletan, kaskoa jarrita, dabilen Ali egunotan euren etxean bizi da. Seme-alabak etxetik kanpo dituzte eta bilobak haien etxe bueltan dabiltza.
Estitxu Zubilaga eta Jon Guridi legazpiarren etxera neskatila bat iritsi da. Zubilagak Euskadi Irratian entzun zuen familia gutxi haurrak hartzeko prest, eta elkarteek eskaera egiteko epea luzatu zutela. «Nik udan ez dut lanik egiten eta, arrazoi humanitarioak tartean, laguntzeko gogoa izan genuen. Familian adostu genuen eta denon artean hartutako erabakia izateak animatu gintuen». Etxean bi gaztetxo dituzte, Uxue (11 urte) eta Unai (14 urte). Neskatila sahararrak Uxuerekin lo egiten du, eta lehenengo gauean hark kontsolatu zuen etxearen faltan, neskatila negar batean zegoenean.
Nagore Zabaleta eta Urko Zaldua zumarragarrek bi alaba dituzte, Araitz (6 urte) eta Nahia (2 urte). «Aurreko urtean Araitzek ume saharar bat ekarri behar genuela esan eta esan ibili zen, baina erabakia hartu genuenerako epea itxia zegoen. Aurten bai, etorri da», dio Zabaletak. Emozio askorekin bizi izan dute lehenengo astea.
Haurrak iritsi aurreko inurriak sabelean aipatu dituzte den-denek, urduritasunak. Arrieta hunkituta ibili da Ali etxean izan aurretik ere. «Negar egin nuen etorriko zela pentsatuta, eta orain gurean dugula, opari bat da. Ezin hobeto egokitu da, konfiantzaz jokatzen du, oso irekia da eta gu poz-pozik gaude».
Zubilagak etorri aurreko emozioak bestela deskribatu ditu. «Galdera markak pilatu egiten zitzaizkidan. Foroetan begiratu nuen, eta ez dakit horrek askorako balio izan zidan. Elkarbizitza nolakoa izango zen eta errespetua sentitu nuen, beldurra baino gehiago». Hare Haizeako Otaegik foroetan ez begiratzeko gomendioa egin dio, eta Zubilagak keinua berari, «Hare Haizeako jendea hor dagoela jakitea oso lagungarria da».
Nagore Zabaletak dioenez, «aurretik pentsatzeko denbora asko ez dut izan, beldur handiena hizkuntzak sortu digu, nola elkar ulertuko ginen? Dena dela, etxean guztion artean hartutako erabakia izan zenez, aurrera egin eta gurekin dugu neskatoa».
Lurdes Lopezek eta Patxi Otaegik hamahiru urtean, uda bat salbu, haurrak izan dituzte etxean eta haur bakoitzaren bitartez sahararren kanpalekuekin egin duten lotura sendotu egin da. «Lehenengo urtea oso gogorra izan zen. Mutikoa etorri zen eta guztioi kosta egin zitzaigun, haiei buruz ezer gutxi genekien», esan du Lopezek.
Urte hauetan guztietan Tindufeko kanpalekuetara askotan joan dira, eta Lopezen hitzetan, «teknologia gehiago dago, eskola gehiago, osasun zerbitzu gehiago… Lehen batxilergoa egitera Aljerrera joan behar ziren, orain kanpalekuetan egin dezakete».
Zergatik gutxi?
Inork ez daki zein den arrazoia gero eta harrera familia gutxiago egon daitezen. Orain urte batzuetako delako krisi ekonomikoa aipatu dute hasieran, baina Zubilagak beste arrazoi bat eman du, zabalagoa, «daukagun bizitzeko erarekin ez dator bat. Etxean biok lanean egonez gero, haurra aitona-amonek zaindu dezaten ekartzea ez da oso erosoa».
Otaegik beldurra hitza aipatu du: «gGehienetan elkarbizitza ongi doan arren, batzuetan arazoak sor daitezke eta, beharbada, horrek izua sor dezake… Ez dira, hala ere, umeak bakarrik, hartzen dituzten familiak ere badira, egokitzapena biena da». Gazte jendea animatzea nahiko luke, «seme-alabarik ez dutenak, haur bat etxean izatea zer den probatu dezakete. Alabaina, neurri batean, nor bere oporrak hipotekatzeko prest egon behar da».
Datozen bi hilabeteotan sarri elkartuko dira Goierri garaian haurrak ekarri dituztenak, Goierri beheko familia hartzaileekin ere elkartuko dira. Datorren uztailaren 21ean, esate baterako, Zuatzon topaketa egingo dute Gipuzkoara iritsitako 21 umeak eta haien udako familiak.
Medikuetara eraman, haien jakin-mina ase, egiten utzi, hitzek zedarritzen ez duten bestelako komunikazioa jorratu, kontsolatu, gozatzen ikusi, oporretan elkarrekin joan, familiaren zirkuluetan tokia egin eta beste hamaika esperientzia biziko dituzte abuztuaren 25ean lau haurrak Aljeriako kanpalekuetara itzultzen diren arte. Egun hori ere emozioz betetakoa izango da.