Legazpiko Udaltzaingoak ohartarazi du zenbait auto gidarik ez dutela S-28 zirkulazio seinalearen mezua ongi ulertzen. Bizitegi kalea adierazten duen seinalea da eta halakoak ikustean, auto gidariek hartu beharreko neurriak gogora ekarri dituzte.
Bizitegi kalearen seinaleak adierazten duen mezu garrantzitsuena da oinezkoek, tarte horretan, lehentasuna dutela. Legazpin Aizkorri kalea 12. zenbakitik bizitegi kalea da Patrizio Etxeberria kaleko 1. zenbakira doan tartera arte.
Bete beharreko arauak
Bizitegi izendatutako kaleetan auto gidariek zirkulazio arau bereziak bete behar dituzte. Ibilgailuen gehienezko abiadura ez da orduko 20 kilometro baino handiagoa izango. Oinezkoen lehentasuna errespetatu behar dute gidariek. Ibilgailuak seinaleen bidez adieraziko diren guneetan bakarrik aparkatu ahalko dira. Oinezkoek zirkulazio eremu guztia erabili ahalko dute, baina ez diete ibilgailuei trabarik egingo. Bizitegi kalea adierazten duen seinalea laukia eta urdina da, eta zuriz hainbat irudi agertzen dira.
Bizitegi kalea amaitu dela adierazten duen seinala S-29 seinalea da. Bestearen seinale berbera da baina marra gorri batek zeharkatzen du diagonalea, bizitegi eremua amaitu dela adierazten duelarik. Bizitegi kalea amaitzean bete beharreko arauak ere eteten dira.