Eider Mujika, errugbi zelaiko eredua
Eider Mujika (Lazkao, 2002) 11 urterekin hasi zen Ordizian errugbian, anaia hasi zelako. «Igandeetan izaten zituen entrenamenduak, eta amak esan zidan Ioritz entrenamenduan ...
Eider Mujika (Lazkao, 2002) 11 urterekin hasi zen Ordizian errugbian, anaia hasi zelako. «Igandeetan izaten zituen entrenamenduak, eta amak esan zidan Ioritz entrenamenduan zegoen bitartean, ni etxean irakurtzen geldituko nintzela. Nik garai hartan irakurtzea gorroto nuen eta orduan ni ere errugbira joatea erabaki nuen». Harrezkeroztik, ez da errugbi zelaitik atera, eta gustuko kirola aurkitu du.
Neska bakarra izan da taldean: «Oso ondo eraman dut. Taldea oso ona izan da, zoragarri. Beste bat gehiago izan naiz beti». Emaitza onak lortu izan dituzte gainera : 12 urtez azpikoan Gipuzkoako txapeldun, eta 14 eta 16 urtez azpikoekin Hego Euskal Herriko txapeldun. Espainiako txapelketa jokatzera joan dira aurten Valentziara. «Esperientzia zoragarria izan da. Partiden emaitzak baino gehiago, hango zelaiak, aldagelak, maila oneko errugbia ikusteko aukera izan dugu. Oso errugbi polita ikusi genuen, oso jokalari onak». 16 urtez azpiko mutilen Euskal Selekzioarekin jokatzeko deitu zuten, baina azkenean ezin izan nuen jokatu, Bretainian elkartrukean zegoelako. «Neskekin ere deitu zidaten, baina Euskadiko finala jokatu nuen bere taldearekin».
16 urte bete ditu eta hemendik aurrera ezingo du bere betiko taldearekin batera jokatu, 18 urtez azpiko mailara igo baitira. Beraz, datorren denboraldian bi aukera ditu: «Mutilekin beste urtebetez jarraitu 16 urtez azpiko mailan, ni baino urtebete eta bi urte gazteagoekin –anaiarekin batera –; edo nesken taldean aritu. Baina nik uste dut mutilen maila askoz ere hobea dela eta mutilekin jarraituko dut, hobetzeko aukera horretan jarraitzeko. Dena den, saiatuko naiz, entrenamenduak nire betiko taldearekin egiten».
Ordiziako talde gazteagoetan beste neska batzuk ari dira errugbian jokatzen eta Mujikari garrantzitsua iruditzen zaio txikitatik errugbian hastea eta mutilekin batera jokatzea: «Txikitatik ohitu egiten zara golpeak hartzera eta arauak ikastera. Eta gero hori nabaritu egiten da». Neska gazteagoentzat Mujika eredu den bezala, Mujikarentzat eredu dira Amaia eta Lide Erbina eta Enara Cacho. «Mutilekin jokatzen dutenei nabaritu egiten zaie». Eta horixe ikusi du pasa den astean Madrilgo errendimendu altuko campusean: «Han ikusi dut nesketan ere maila ona dagoela errugbian. Oso aberatsa izan da».
Erabat kateatuta
Momentuz ez du etorkizunean pentsatu nahi, errugbiarekin gozatzen jarraitu nahi du. Baina zergatik kateatu du errugbiak? «Talde kirola da, arau asko daude, errespetuan eta segurtasunean oinarritzen direnak. Gozamena da errugbian jokatzea. Momentu bakar batean ere ez zaude geldi. Kontaktu handia dago, eta hori ere gustatzen zait. Kontaktua ez da borroka, beste jokalaria gelditzeko baizik, ez minik emateko».