Basoko fruituak gorritu dira
Goierrin kontsumitzen diren marrubi guztiak ez dira Huelva (Espainia) ingurukoak, ezta gerezi guztiak ere Caceresko Jerte bailarakoak (Espainia) edo Nafarroako Milagro edo Etxaurikoak. Mugurdiak, ...
Goierrin kontsumitzen diren marrubi guztiak ez dira Huelva (Espainia) ingurukoak, ezta gerezi guztiak ere Caceresko Jerte bailarakoak (Espainia)?edo Nafarroako Milagro edo Etxaurikoak. Mugurdiak, andere-mahatsak edo ahabiak ere ez dira denak kanpotik ekartzen. Goierrin bertan ere produzitzen eta komertzializatzen dira fruta horiek, eta oraintxe da bere garaia.
Badira aste batzuk basoko fruta horiek gorritzen hasi direla. Ordiziako azokan, esaterako, bertako lehen marrubiak maiatzarekin batera agertu ziren. Aramako Patxi Arizmendik eraman zituen lehenak, eta harrez gero, astero dira aukeran berean zein Aramako beste saltzaile baten postuan, Arantxa Zurutuzarenean. Kanpokoekin alderatuta, tamainaz txikiagoak dira, baina zapore bizikoak. Prezio aldetik ere badute aldea, bertakoa garestiagoa delako, 5 euro inguruan dabil prezioa, kanpokoa –amaitu berria da deboraldia– 3,5 euro inguruan saldu den bitartean.
Basa marrubitxoak, ordea, oraintxe hasi berriak dira. Bide bazterretan, belar artean ezkutatuta topa daitezke. Txikiak dira horiek ere, baina izugarrizko zaporea daukate. Horietaz hitz egiterakoan, askok dute gogoan txikitako pasarte bat, marrubitxoak bildu eta belar batez zehartatuta makila gorria edo lepoko dotorea osatzen zutenekoa, gero denak batera jateko.
Gabiriako gereziak
Fruta gorrien artean estimazio handia dute baita ere gereziek. Horiekin makilak edo lepokoak egin beharrean, belarritakoak egiten dira. Baserri auzo gehienetan izaten zen gereziondo preziaturen bat, inguruko ume guztiek ondo ezagutzen zutena. Gaur, gereziondo gutxiago dago, eta daudenek nahiko lan ematen diete jabeei zozo eta bestelako txorietaz babesteko, fruta gorritzen hasten denean jan ez dezaten. Hala zioen maiatzaren azkeneko asteazkenean Miren Arrizabalaga gabiriarrak bere uzta Ordiziako azokara saltzera eraman zuenean. Lan horretan arrakasta izan du, nonbait, aste batzuetan jarraian izan dituelako etxeko gereziak salgai, kiloa 4 euroan. Juanita Lazkano herrikideak ere izaten ditu salgai Ordizian. Kanpokoak 3, 5 eta 6 euro artean dira. Hemengo aleak txikiagoak dira, eta kolorez ez hain gorriak. Zaporean, berriz, gustuen arabera da konparaketa.
Mugurdiak eta beste
Basoko fruta gorrien Goierriko eskaintza mugurdi eta andere-mahats gorriekin osatu da Ordiziako azokan azken asteotan. Aramatik eta Zaldibiatik iritsi dira horiek ere; Arantxa Zurutuzak eta Axun Etxeberriak dituzte salgai, kiloa 12 euroan. Denboraldia hasi besterik ez dute egin, eta laster batuko zaizkie ahabiak ere. Geroago etorriko dira masustak eta basaranak, azken horiek patxarana egiteko estimazio handia dutenak.