Londresen euskaraz mintzo den pakistandarra
Aurrejuzku asko daude euskararen eta etorkinen inguruan. Euskara zaila dela eta etorkinek ez dutela gure gizartean integratu nahi, adibidez. Mehmood anaiek ez dela hala erakutsi dute. Duela hamabi urte Pakistandik
Aurrejuzku asko daude euskararen eta etorkinen inguruan. Euskara zaila dela eta etorkinek ez dutela gure gizartean integratu nahi, adibidez. Mehmood anaiek ez dela hala erakutsi dute. Duela hamabi urte Pakistandik Euskal Herrira etorri ziren eta euskara ikasi zuten. Ordutik, beraien artean euskaraz mintzo dira. Egun Londresen bizi dira, baina euskaraz hitz egiten jarraitzen dute. Anaietako bat (Shakir) Euskal Herrira etorri da lagunak bisitatzera eta beraien euskaltzaletasunari buruz hitz egin du.
Shakirrek 16 urte ditu eta 4 urte zituen bere familia Euskal Herrira etorri zenean. «Saibal eskualdean dagoen herri txiki batekoak gara. Gurasoak eta bost anai-arreba etorri ginen. Bi gazteenak hemen jaio ziren. Egun, gazteena Pakistanen bizi da aitona-amonekin eta izeba batekin».
Bergaran lokutorio bat zuten, baina Antzuolan bizi ziren. Bere burua antzuolartzat du. «Antzuolarrak primerakoak dira. Munduko onenak. Bertan asko lagundu gintuzten eta lagun oso onak egin nituen».
Antzuolatik Zumarragara joan ziren. Hemen, Roman del Rio zumarragarra ezagutu zuen. Biek Gainzuri ikastetxean ikasten zuten eta lagun minak egin ziren. «Roman anai baten modukoa da niretzat. Berriro ikusteko gogo handia nuen». Zumarragarrak ere hitz onak ditu bere lagunarentzat. «Nire lagunik onena da. Oso pertsona ona da. Oso umila. Denbora asko ematen genuen elkarrekin eta pena handia eman zidan joateak».
2016an Shakirren aitak Londresko lantegi batean lana aurkitu zuen eta hara joan ziren bizitzera. «Pena handia eman zidan joateak. Hemengo bizimodura ohituak geunden eta oso gogorra izan zen Antzuola, Bergara, Urretxu eta Zumarragako lagunak hemen uztea. Londresen ondo bizi gara, baina hango bizimodua aspergarria iruditzen zait. Bakoitzak berea egiten du eta ez dago lagunartean ateratzeko horrenbesteko ohiturarik».
Debagoienako eta Goierriko lagunen falta sumatzen duenez, urtero bisitan etortzen da. «Iaz anai batekin etorri nintzen eta aurten bakarrik etorri naiz. Abuztuaren 8a arte egongo naiz bertan. Bergaran nago, baina Antzuolan ere familia dut. Egun hauetan lagunekin egongo naiz, futbolean jokatuko dut, hondartzara joango naiz…».
Lagunekin euskaraz hitz egin ahal izango du. Nahiz eta Londresen bizi den, ez du euskara galdu. Izan ere, bere anai-arrebekin euskaraz egiten du. Antzuolara heldu zirenean, Shakirrek 4 urte zituen eta bere anai-arrebek 6, 8, 10 eta 15. «Lau gazteenok berehala ikasi genuen euskara. Nagusiak ez, hona heldu eta gutxira lanean hasi baitzen».
Euskara jakitea ez da harritzekoa, baina bai bere anai-arrebekin euskara egitea. Antzuola oso herri euskalduna delako eta bertan oso ondo hartu zituztelako gertatu da hori. «Antzuolan jende guztiarekin euskaraz egiten genuen eta, hala, gure artean euskaraz egitea ez da batere harritzekoa. Amak punjabieraz egiteko esaten digu, baina guk euskaraz egiten dugu. Hala ohitu ginen eta, gainera, ez dugu euskara galdu nahi».
Euskal Herria gustuko
Egunen batean Euskal Herrira itzultzea gustatuko litzaioke. «Nire ustez, Euskal Herria munduko toki onena da. Noan tokira noala, ez dut sekula Euskal Herria ahaztuko. Hemengo jendea oso ona da, hondartza onak daude, bizimodua asko gustatzen zait… Euskal Herriak gauza bakarra du txarra: lan falta. Horregatik joan behar izan ginen Ingalaterrara».
Bertan, futbol akademia batean ikasi behar du. «Futbola asko gustatzen zait. Antzuolako futbol 11 taldean jokatu nuen eta Zumarragara etorri nintzenean Goierri kirol elkartearen areto futbol taldean hasi nintzen. Futbolean erdiko aurrelari eta hegaleko postuetan jokatzen dut», azaldu du.
Bere ametsa futbolaria izatea da. Beharbada egunen batean euskal talderen batean jokatuko du. Nork daki. Euskaraz, euskal taldeetako jokalari asko baino hobeto mintzo da.