Aizkorri-Aratz parke naturaleko pista proiektuen inguruan kezka agertu du Eguztik
Gipuzkoako Foru Aldundiak Aizkorri-Aratz parke naturalean eraiki behar dituen lau baso pistaren inguruko kezka agertu du Eguzki talde ekologistak. Zerainen eta Oñatin egingo lituzkete pista horiek; batzuek herri lurretan, eta besteak lursail pribatuetan. Proiektua eginda tramitatze bidean dago.
Eguzki talde ekologistak gogorarazi du Natura 2000 Sareak eta EAEko Korridore Ekologikoen Sareak babestutako eremua dela. Hala, beraien ustez, “7,5 kilometro baino gehiagoko pista berri hauen proposamena, azken hamarkadatan aldundiak ezarritako baso politikan” kokatu behar da. Eta politika horren baitan, “mendi publikoak egurrari lotutako industria pribatu ezberindentzat lehengaia lortzeko” erabili direla uste du Eguzkik. Horren ondorioz, Gipuzkoako baso asko “basamortu biologiko” bihurtu direla diote, “bertako habitat naturala, flora eta basa faunako espezieen populazioak desagertu” egin direlarik.
Pista horien helburu bakarra “egurra mozteko baso kamioi eta traktoreei bidea irekitzea” dela salatu du Eguzkik, eta borondaterik egonez gero, “aire bidezko kablea bezalako beste teknika batzuk” erabili litezkeela.
Aldundiari “baso politikaren norabidea aldatu” dezala eskatu dio Eguzkik; “egurraren lobiaarekin dituen loturak” hautsi eta “egurraren ekoizpen intentsiboari uko” egin diezaiola. Era berean, Zeraingo eta Oñatiko udalei eskatu die bertan behera utz dezatela Aizkorri-Aratz parke naturalean pistak eraikitzeko asmoa.