Udako lan koadernoak sortu ditu haurrentzat Perezek (Legazpi, 1984). Pertsonalizatu egiten ditu eta garunaren bi hemisferioek lan egin dezatela dute helburu.Nolatan ekin zenion haurrentzat lan koadernoak egiteari?Orain bost urte sortu zen ideia. Leheng...
Udako lan koadernoak sortu ditu haurrentzat Perezek (Legazpi, 1984). Pertsonalizatu egiten ditu eta garunaren bi hemisferioek lan egin dezatela dute helburu.
Nolatan ekin zenion haurrentzat lan koadernoak egiteari?
Orain bost urte sortu zen ideia. Lehengusu batentzat halako koaderno bat egin nuen, ohikoak baino motibagarriagoak eta erakargarriagoa izatea nahi nuen. Lehengusuari asko gustatu zitzaion eta nonahi erakutsi zuen. Jendeari ere gustatu zitzaion eta askok ea zergatik ez nituen salgai jartzen galdetu zidaten.
Ezer gutxi nekien edizioari eta maketazioari buruz, eta ikertzen zein prestatzen hasi nintzen. Orain bi urte sortu nuen Krissplanet webgunea non koadernoak salgai dauden.
Koadernoak ez direla ohikoak esan duzu. Zeintzuk dira haien berezitasunak?
Hezkuntza sisteman dauden bi hutsuneri erantzuna ematen diotelakoan nago. Alde batetik motibazio falta. Haurrek arreta galdu ohi dute eta gure koadernoetan, hori ekiditeko, haien argazkiak sartzen ditugu, hortik pertsonalizazioa. Ariketetan euren irudiak eta euren ingurukoenak aurkitzen dituzte eta horrek motibatu egiten ditu. Etxe bat, txakur bat, mendi bat jarri ordez bere argazkiak jartzen ditugu.
Motibazioak kontzentrazioa suspertzen du eta ikaskuntza eraginkorragoa da.
Zein da hezkuntza sisteman sumatzen duzun beste hutsunea?
Garunaren bi hemisferioen estimulazioa. Joera da ezkerreko hemisferioa estimulatzea, hau da, logikoa, arrazionala, matematiken esparrukoa, planifikazioarena… Hemisferio hori gehiago balioesten da. Gure koadernoetan biei erreparatzen diegu. Eskuineko hemisferioa emozionala da, fantasiarena, harremanena, bat-batekoa. Adimen emozionala hemisferio horretan lantzen da eta bi aldeak suspertuta garunaren gaitasun guztiei probetxua ateratzen zaie.
Uda parterako koadernoak al dira?
Koadernoen helburua da haurrek etxean lan egin ahal izatea modu autonomoan, ahal dela, inork behartu gabe. Udako oporraldirako balio dute eta Gabon parterako ere egiteko asmoa daukat. Urte osoan zehar eskura izateko bildumak egin nahi ditut. Horrez gain, abilezien araberako koadernoak sortuko ditut; alegia, matematika arlora zuzendutakoak baina eskuineko hemisferioa ahaztuko ez dutenak, edota irakurketa bultzatzen dutenak baina ezkerreko hemisferioa suspertzeko ariketak barne hartuko dituztenak.
Horrez gain, irailean eskoletara joatekoa naiz eta hango argazkiekin osatzeko koadernoak egin, haurraren eskola mundua irudikatuko dutenak. Etorkizunean, bestalde, hirugarren adineko pertsonei zuzendutako koadernoak egin nahiko nituzke, memoria landuko dutenak. Aurretik neuropsikologian eta geriatrian trebatu beharko naiz, eta proiektua bideragarria den aztertu.
Zer adinetako haurrei zuzenduta daude?
Ofizialki 5 eta 10 urte bitarteko haurrentzat dira. 5 urterekin lateralitatea egituratuta dago jada, dagoeneko badakigu ezkerrak diren edo ez. Hala eta guztiz ere, adinarena haur bakoitzaren araberakoa da, nik ezarri dudan adin tartea erreferentzia bat baino ez da.
Bizimodua, momentuz, ez duzu koaderno hauetatik ateratzen, ezta?
Ez. Nik Pedagogia ikasi nuen eta Gizarte Hezkuntza. Iruñeko Udalean gizarte ekintzaren esparruan lan egiten dut, eta aisialdian egiten ditut koadernoak. Lanean nagoenez, ez dut diru laguntza askorik jaso, baina martxan jarri dut eta funtzionatzen badu itzel. Ideia asko ditut batak funtzionatu ezean besteak abiarazteko.
Salmenta Internetez?
Bai. Eskaera jasotzen dut eta datuak zein argazkiak eskatzen ditut. Behin koadernoa eginda inprimategira bidaltzen dut. Badago pdf formatuan jasotzeko aukera. Koadernoak zabaltzen doazen eran bezeroen iradokizunak jasotzen ditut.
Zein da erabiltzen duzun hizkuntza?
Momentuz euskaraz edo gaztelaniaz egiten ditut. Elebidunak egiteko asmoa dut, baita ingelesez ere.