Txosna Batzordeko kideek guztia prest dute Santa Ana festak hasteko. Ohikoa den bezala, aurtengoan ere egitarau oparoa prestatu dute Ordiziako pilotaleku txikian kokatuko den txosnagunean. Ainhoa Mendizabal txosna batzordeko kidea da eta festei hasiera emateko irrikitan dago.
Ordiziar batentzat zer dira Santa Ana jaiak?
Herrian bertan dantzatzeko eta gozatzeko momentua dela esango nuke.
Parrandazalea al zara?
Bai, pixka bat bai.
Festa egunez ala gauez?
Egunez eta gauez. Ekintzak bietan izaten dira eta bietako edozein da gomendagarria.
Festarako zein musika nahiago duzu?
Gorputza mugiaraziko didan edozein musika mota, baina letra sexistarik ez izatea oso garrantzitsua da.
Santa Ana festetako egun bat aukeratzekotan, zein nahiago?
Lehenengo eguna aukeratuko nuke. Bizi poteoa antolatu ohi dugu Txosnagunean eta aurten ere hala egingo dugu. Ekintza berezia da eta jaien lehenengo eguna izateak ere ilusio bereziarekin harrapatu ohi gaitu. Gazte eguna ere oso gustuko dut. Oso egitarau potentea izan ohi da eta primeran pasatzen dudan eguna da baita ere.
Jaietarako mozorro bat?
Etxean egindakoak eta originalak direnak.
Edari bat?
Zerbeza.
Eta bixamona pasatzeko aholku bat?
Kafesne bat izotzarekin eta patata tortilla pintxoa.
Txosnak ala tabernak?
Txosnak.
Nola joan da aurtengo txosnen antolakuntza?
Martxa hartzea kosta zitzaigun, baina behin lanean tope jarri ginela dena oso ondo joan da. Dena den, hurrengo urteetarako antolakuntzan jende berria sartzera animatu eta hurbilduarazi nahiko genuke. Jende berria sartzeak ideia berriak eta freskotasuna dakartza, eta oso interesgarria da hori.
Nobedaderik izango al da txosnetako egitarauean?
Txosnetako egitarauen, festen barruan ez baina, azken urteoteko berrikuntzarik nabarmenena pintxo pote internazionalistan antolatutako dantza afrikarren erakustaldia eta kontzertua dira. Uztailaren 18an izan zen hori. Hiru urte daramatzagu Ordizia Kolorerekin kolaboratzen egun hori antolatzeko.
Eraso sexisten aurkako protokoloa ere martxan izango duzue?
Bai noski! Aurten berezitasun bezala, arduradunetako batek besoko more bat eramango du behar duen orok erraz identifikatu dezan. Zerbait gertatzekotan harengana jo ahalko dugu.
Nola animatuko zenituzke inguruko herrietakoak Ordiziako festetara etortzeko?
Bai egunez eta baita gauez ere ekintza ugari izango dira. Txosnaguneak ondo pasatzeko leku anitza eskeiniko die.