Tokio, ametsaren helmuga
Haien kirol bizitzako bi urterik garrantzitsuenak dituzte aurretik Ana eta Irene Usabiaga ahizpa ordiziarrek. Tokioko Olinpiar Jokoetara joatea dute helburu. ...
Haien kirol bizitzako bi urterik garrantzitsuenak dituzte aurretik Ana eta Irene Usabiaga ahizpa ordiziarrek. Tokioko Olinpiar Jokoetara joatea dute helburu. Uztaila Italian pasatuta, Eskoziara doaz abuztuan, Europako Txapelketara.
Ez da erraza Ana eta Irene Usabiaga ahizpa txirrindularien arrastoari segitzea. Behin denboraldian murgiltzen direnean, maiatz aldean, nazioarteko bidaia asko egin behar izaten dituzte, eta ez da samurra haiekin hitzordua jartzea. Uztailaren 2az geroztik Italian dabiltza, uztailaren 24an itzuliko dira Ordiziara, 25ean omenaldia egingo diete Klasikoaren hasieran, eta segidan Valentziara doaz Espainiako selekzioaren kontzentraziora. Eta abuztuaren 2tik 7ra Glasgowra (Eskozia), Europako Txapelketara.
Orain arteko kirol ibilbidean lortutako garaipen zerrenda oparoak emandako eskarmentua lagun, haien kirol bizitzako unerik garrantzitsuenaren atarian daude biak. Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartzea dute amets –2020an dira–, eta Eskoziakoa da hara begirako lehen proba puntuagarria.
Sasoi puntua hartzen
Ahizpetan zaharrenak, Ana Usabiagak (Ordizia, 1990), pistan ez, errepidean lortu du aurtengo garaipenik garrantzitsuena, maiatzean: Espainiako Kopa. «Errepidean urtero ibiltzen gara, eta aurten Kopa irabazteko aukera izan dut. Euskal Herriko Txapelketa ere bai. Hiru urte daramatzat Espainiakoan lider jartzen, baina aurreko urteetan beti kointziditu izan dit pistako probaren batek. Aurten ez, bukaeraraino lehiatzeko aukera izan dut, eta oso pozik nago. Nire prestakuntza pistari begirakoa da, eta horrek adierazi nahi du gauzak bide onetik doazela».
Eustrak-Euskadi taldeko txirrindulariak dira biak –Ziortza Isasi eta Illart Zuazubiskar dira beste biak, lau soilik dira taldean–, eta Irene (Ordizia, 1993) izan du laguntzaile bakarra Anak: «Nik ere parte hartu dut. Laguntzea tokatu zait». Ahizpa zaharrenak honako gehitu du:?«Talde handien aurka lehiatu behar izan dugu, Movistar edo Bizkaia-Durango Euskadi-Muriasen aurka. Taldeak 15 txirrindularirekin etortzen direnean oso zaila da karrerak kontrolatzea, eta burua oso hotz eduki behar da, eta jakin zer momentutan atera ihesaldi baten bila». Gazteenaren aurtengo lorpenik handiena Espainiako Omnium Txapelketa izan da, pistan.
Italiako bidaia ez da alferrikakoa izan. Lehendabizi Fiorenzuolako Nazioarteko Lasterketan parte hartu zuten, eta ondoren Ascoli-Picenon. Anak omniun eta scratch probak irabazi ditu azken horretan –uztailaren 11n eta 13an–, eta Irenek 6. eta 3. postuak lortu ditu. Ikusteko dago lerro hauek idatzi ondotik bestelako garaipenik lortzen duten, baina ahizpetan zaharrenak behintzat sasoi onean dagoela erakutsi du.
Urte osoa jira-biraka
Pistako egutegiak ez dauka errepidekoaren antzarik. «Errepideko bukatzen denean hasten dira guretzat lasterketarik garrantzitsuenak», zehaztu du gazteenak. Martxo bukaera eta apiril hasiera atseden hartzeko baliatzen dute, eta gero errepide hasten dira haien «neguko prestakuntza» litzatekeena egiten. Ezezaguna da lehiaketa egutegi hori txirrinduzale gehienentzat, eta biak kontziente dira horretaz.
Orain gutxi abiatu da pistako 2018-2019 denboraldia. «Munduko Txapelketatik hurrengo urteko txapelketara izaten da gure denboraldia. Munduko Txapelketa pasatu eta hurrengo egunean hasten da pistakoentzat denboraldi berria, eta hortik aurrera dauden lasterketa guztiak dira hurrengo Munduko Koparako puntuagarriak». Irenek ondoko zehaztapena egin du: «Gure interesen arabera proba batzuk edo besteak aukeratzen ditugu, gertuen ditugunak, komeni zaizkigunak…». Erdipurdiko sasoiarekin dabiltzanean maila baxuagoko lasterketak aukeratzen dituzte, eta indartsu daudenean maila oso onekoak.
Helburua berbera da beti, Munduko Txapelketarako sailkatzea. «Gure txapelketak piramide sistema baten antzekoak dira. C1 edo C2 mailako nazioarteko lasterketak daude, eta horiek puntu batzuk eman dituzte. 24 onenak sartzen dira Munduko Kopan, eta hortik iristen zara Munduko Txapelketara. Denak egin beharra daude, eta horrek eskatzen digu urte guztian atzera eta aurrera ibiltzea. Gure egutegia mundu mailakoa da, eta horregatik mugitzen gara horrenbeste», argitu du Anak.
Munduko Koparako sei proba puntuagarri dituzte aurtengo denboraldian, urrian hasita. Lehenengoa Frantzian, eta handik astebetera Kanadan; abenduan Londresen eta Berlinen lehiatuko dira, eta urtarrilean Hong-Kongen eta Zeelanda Berrian. Munduko Txapelketa 2019ko martxoan dute.
Pista, kirol ezezaguna
Oraintxe bete-betean dago Frantziako Tourra, eta txirrinduzaleak hara begira egongo dira –Gorka eta Ion Izagirre anaia ormaiztegiarrak ari dira parte hartzen–, baina gutxi izango dira Euskal Herrian Usabiaga ahizpek adinako garaipen zerrenda duten ziklistak, baina izan, ez dira ezagunak publiko orokorrarentzat. Irenek eman du horren azalpena: «Gu ez gaitu inork ezagutzen, ez pista ez emakumeen txirrindularitza ez direlako ezagunak;?baina gure garaipen zerrenda ikusiz gero, ondo gabiltzala esan nahi du. Ez gabiltza errepidean, eta orduan jendeari iruditzen zaio ez dugula gauza handirik egiten».
Gaztea izanda horrenbeste titulu nola izan ditzakeen galdetzen diotenean, Anak honako adibidea jartzen die:?«Pistak atletismoarekin antzekotasun handia dauka. Atletismoan 100 metroko proba dago, luzera jauzia… eta atleta batek proba ezberdinak irabaz ditzake. Horrelako esplikatzen duzunean jendeak ulertzen du. Baina egia da, jendeari esaten diogunean errepidea prestakuntza modura erabiltzen dugula harritu egiten dira. Ezezagutzagatik izango da, baina jendeari arraroa egiten zaio».
Herritarren aitortza eta beroa sentitzen dute, hala ere. «Galdetzen digute ea zer moduz gabiltzan, interesatzen dira. Badago jendea jarraitzen gaituena». Bestelako errekonozimenduak ere izan dituzte: 2008an Santa Ana jaietako txupinazioa bota zuten –«polita izan zen!», gogoratu dute–, 2014. urtean, Euskal Herriko Itzulia Ordizian hasi zenean, omenaldia egin zieten, eta uztailaren 25ean, Ordiziako Klasikoaren 95. edizioan berriz omenduko dituzte.
«Gure lana aitortzeko modu bat da, gure lana publiko egiteko modu bat. Horrelako egunak izaten dira erakusteko gu ere hor gaudela», nabarmendu du Irenek. Eta Anak, honakoa jarraian: «Guretzako ohorea da herria gurekin akordatzea, eta gu omentzea. Gu ez gara txirrindulariak herria gurekin akordatzeko, baina noizean behin herria gurekin akordatzea polita da oso».
Leku bakarra birentzat
Txirrindulari profesionalak dira biak –bekak jasotzen dituzte–, eta talde txiki bateko kide diren arren, taldeak berak hartzen ditu bere gain gastu guztiak. «Bidaiak, egonaldiak, bizikletak… dena taldeak jartzen digu. Ikaragarrizko zortea daukagu». Lauko taldea izatearen arrazoiak ere eman dituzte. «Gure taldea ez da handia ez dagoelako aukeratik, eta pistan gabiltzanez mugatuago gaude. Hiru neska gara, eta proba bakoitzean markatu egiten digute talde bereko hiruk baino gehiagok ezin dugula parte hartu. Taldearen politika hau da: gutxi izan eta saiatu denek aukera izaten», zehaztu du Anak.
Eta Olinpiar Jokoei begira ere mugatua da lekua. Horixe dute txikitako ametsa, eta eginahal guztiak egingo dituzte han egoteko. Sailkatze sistema dute alde, plaza kopurua aurka: Espainia ordezkatuz bakarra joan daiteke. Ahizpa zaharrenak honela dio: «Guretzat hobea da oraingo sistema. Uste dut Tokion egoteko aukera txiki bat badugula, eta saiatuko gara. Daukagun guztia emango dugu hori betetzeko. Parez pare datorkigu, adinez ere heldutasun eta esperientziarekin gaude, eta helburua, argi eta garbi, bertan izatean da». Hori bai, joatekotan bietatik bat joango da, Irenek dioen moduan: «Herrialde bakoitzetik batek bakarrik har dezake parte, eta horrek esan nahi biok ezingo garela joan, bata ala bestea».
Horrek, hala ere, ez du esan nahi Espainiako federaziopeko onenak lekua ziurtatuta duenik. Munduko 21 onenen artean sailkatuta egon beharko dute, eta lehen proba puntuagarria abuztuan dute Eskozian. Biek ala biek argi dute haien kirol bizitzako bi urte garrantzitsuenen aurrean daudela. Horretarako faktore askok eragingo dute ordea: eroriko larririk ez izatea, lesioak, zortea… «Iaz Anak neumotorax batekin bukatu zuen eroriko baten ondoren, eta nik lepauztaia puskatu nuen 2016an. Urtebete behar izan dut errekuperatzeko. Espero dut horrelakorik ez gertatzea, postu onak lortu ezean aukera asko gal baititzakegu».
Etorkizunerako ikasiak
Errepidean ez ezik, bestelako karrera bat ere uztartu behar izan dute bi ahizpek: ikasketak. Anak IVEF ikasi zuen, eta gaur-gaurkoz bere buruaren, Irene ahizparen eta jubenil baten prestatzaile lanak egiten ditu. Irenek, berriz, Fisioterapia titulua dauka. Badakite txirrindularitzak iraungitze data duela, eta etorkizunean bestelako zereginetan aritu beharko dutela, baina oraingoz, txikitako ametsa betetzea dute jomugan.
Txapel Gorriren aitortza jasoko dute Klasikoa abiatu aurretik
Datorren asteazkenean, hilak 25, Ordiziako 95. Klasikoa jokatuko da. Txapel Gorri elkarteak urtero egin ohi du omenaldi bat lasterketa abiatu aurretik, eta aurtengo omenduak Ana eta Irene Usabiaga ahizpak izango dira. Ordiziako bi txirrindulariek garaipen zerrenda oparoa dute. Ekitaldi berean, aurtengo apirilean zendu den Jesus Mari Garate dantza maisua izango dute gogoan.
Historia luzea duen txirrindularitza proba da Ordiziakoa. 1922an jokatu zen lehen aldiz, 1936ko gerraren ondorioz etena izan zuen, eta 1938az geroztik ez du kalerik egin. Egun bakarreko lasterketen artean, profesionalen munduko bigarren probarik beteranoena da, Flandriako Tourraren atzetik (1919koa).