Beñat Katarain eta Maite Etxezarreta gailendu dira Aztiriko XIV. mendi lasterketan
Auzoko lehenak Ainhoa Matxinandiarena eta Iñigo Uribeetxeberria izan dira. 10.5 kilometroko ibilbidea osatu dute korrikalariek
Beñat Katarain eta Maite Etxezarretak irabazi dute Aztiriko XIV. mendi lasterketa. Auzoko jaiak dira, eta 11:00etan abiatu dira korrikalariak 10,5 kilometroko bidea osatzeko. 50 minutu inguru behar izan ditu Katarainek helmuga zapaltzeko. Auzoko lehen postua Ainhoa Matxinandiarenak eta Iñigo Uribeetxeberriak lortu dute, legazpiarrak biak (gabiriarrak zein legazpiarrak hartzen dituzte kontuan). Trikitilariak zein txisturaliak ibili dira giroa berotzen goizean zehar.
Lasterketaren ondoren, 12:30ean Gabiriko Goruntz dantza taldeak dantza saioa eskaini du. 13:00etan, berriz, sari banaketa egin dute Eneko eta Ibarguren trikitilariekin. Arratsaldean ere badute zer eginik auzora gerturatutakoek, 18:30ean herri kirol erakustaldia eta probintzi mailako toka txapelketa ospatuko baitituzte. Xabier Aramburu (Guzta) harrijasotzailea eta Iñaki Azurmendi, Irati Astondoa, Xabier Zaldua eta Alazne Etxaburua aizkolariek hartuko dute parte.