Orain Presoak bizikleta martxari harrera egin diote Ordizian
Eguerdiko 13:30ean iritsi da martxa Ordiziara. 15:30ak arte geldialdia egin dute, eta bertan bazkaldu dute
Orain Presoak bizikleta martxari harrera egin diote Ordizian. 13:30ean iritsi da martxa herrira, eta bertan egon dira bi orduz, 15:30ean Beasainera jo duten arte. Garagartza plazan egin dute geldialdia, eta bertan bazkaldu dute. Sarek antolatutako dinamika da, eta euskal preso politikoen egoera hobetzea du helburu.
Ordiziara baino lehenago iritsi da martxa Goierrira, ordea. 12:45ean Legorretako tren geltokian elkartu dira, eta handik Itsasondorako bidea egin dute. Ondoren, Ordiziara iritsi dira, eta 15:30ean berriro ere igo dira gurpil gainera, Beasain, Olaberria, Idiazabal eta Segura zeharkatzeko asmoz. 16:30a inguruan, Zegamara heldu dira, eta Otsaurtetik Altsasura iritsitakoan emango diote gaurko etapari amaiera.
Uztailaren 20an, Mont de Marsan (Frantzia) espetxetik abiatu zen martxa, eta Zaballako (Araba) espetxean amaituko da. Horrez gain, urriaren 20rako manifestazio bat antolatzen ari dira, Sareren lau lehentasunak aldarrikatzeko: urruntze politikarekin bukatzea, larriki gaixo dauden presoen artatzeko eskubidea, zigorren batuketa eta lehen graduen aldaketa.