Aztiriko mendi lasterketaren sailkapena
Goierri Garaia Atletismo Taldeak gaur zabaldu du igandean Aztiria auzoan jokatu zen 14. Mendi Lasterketaren sailkapen osoa. Gizonezkoetan, Beñat Katarain zegamarrak irabazi zuen proba, 10,5 kilometrokoa, 48:49 minutuko denborarekin. Martin Diez segurarrak (49:59) eta Josu Imaz beasaindarrak (51:47) osatu zuten mutilen podiuma.
Emakumezkoetan, Maite Etxezarreta azpeitiarra izan zen azkarrena (59:34). Mila Triguero legazpiarra (1:04:25) eta Ainhoa Jauregi urnietarra (1:06:35) sailkatu ziren ondoren.
Lehen herritarren sariak (Legazpiko nahiz Gabiriako bizilagunak hartzen dituzte), Iñigo Uribeetxeberriak (nagusian 8., 53:41) eta Ainhoa Matxinandiarenak (1:14:51) jaso zituzten, legazpiarrak biak. Lehen gabiriarrak Jokin Matxinandiarena (22., 1:01:04) eta Maialen Igartzabal (1:24:06) izan ziren.
Guztira, 96 lagunek eman zuten izena, lasterketa hasi aurretik. 91k bukatu zuten ibilbide osoa. Emakumezkoak 17 ziren.