«Haur txikienak beldurtu egiten dira gu ikusitakoan»
Opor bereziak bizitzen ari da aurten Leire Garmendia, 19 urteko ordiziarra. Yes, we help fundazioarekin Ghanara joan da, kostaldean dagoen Winneba herrira. ...
Opor bereziak bizitzen ari da aurten Leire Garmendia, 19 urteko ordiziarra. Yes, we help fundazioarekin Ghanara joan da, kostaldean dagoen Winneba herrira. Ekainaren 29an joan zen eta uztailaren 27an itzuliko da, Ordiziako jaietako kuadrilla egunerako. Ghanatik bertatik erantzun ditu ordiziarrak elkarrizketarako galderak.
Zertara joan zara Ghanara?
Yes, we help fundazioaren bidez etorri naiz Ghanara. Lau proiektu zituen hasieran: hezkuntza, osasuna, umezurztegia eta kirola. Atletismoan aritzen naiz, pisu jaurtiketan, eta kirolaren proiektua aukeratu nuen. Baina azkenean hezkuntzan ari naiz lanean, eskolak ematen.
Zein hizkuntzatan ematen dituzu eskolak?
Ingelesez. Nire ingeles maila ez da oso ona, baina ondo etortzen ari zait askatzeko eta maila bat hartzen ari naiz. Lotsa galtzen ari naiz. Umeekin komunikatzeko ondo moldatzen naiz. Oso gustura nago.
Zenbat urteko haurrekin ari zara? Zer erakusten diezu?
8-10 urte ingurukoekin. Denetarik ematen dut, baina bereziki matematika: orduak, egutegia, kilogramoak, gramoak… Geografia ere erakusten diet. Asko gustatzen zaie, haiek ez dakite hemendik kanpora zer dagoen. Munduko mapa erakusten diegunean harrituta geratzen dira. Gu nondik joaten garen galdetzen digute.
Zerk harritu zaitu gehien?
Batetik, dena zein zikina dagoen ! Dena lurrera botatzen dute, edo bestela erre egiten dute. Eskolako patioa txukuntzen ere ari gara. Zaborrontzirik ez dute eta dena lurrera botatzen dute. Plastikozko botilekin ari gara zaborrontziak egiten. Plastikoa birziklatu daitekeela ere erakutsi nahi diegu. Plastikoak bildu eta gauza desberdinak egin: erratzak, palak, karterak…
Eta hezkuntzari dagokionean, zerk harritu zaitu?
Arazoak eduki ditugu irakasleekin, umeak jo egiten dituztelako. Galdera bat gaizki erantzuten badute, jo egiten dituzte. Makil bana daukate eta umeak beldurtuta daude. Guk esan diegu, mesedez ez jotzeko. Hemengo kultura horrela dela esaten digute. Guk erantzuten diegu Euskal Herrian eta Espainian ere lehen horrela zela, baina orain ez dela horrela. Irakasleei ere erakusten ari gara.
Nolakoa da zu lanean ari zaren herria?
55.000 biztanle inguru ditu. Egurrezko etxoletan bizi da jendea. Nahiko pobrea da eta kaos handia dago kalean: taxian ibiltzen gara gu eta ahuntzak bide erdian ibiltzen dira, jendea ere bai…. Beroa egiten du, hezetasun handia dago.
Zer moduz hartu zaituzte haurrek?
Txikienak beldurtu egiten dira gu ikusitakoan; ez daude ohituta jende txuria ikusten. 10 urtekoek, berriz, daukaten guztia eskaintzen digute; altxatu egiten dira guri aulkiak uzteko… Madam deitzen digute beti.
Zer ikasi duzu Ghanan?
Ikasi dudan gauzetako bat da hezkuntzak daukan garrantzia. Orain konturatzen naiz, guk daukagun hezkuntza nolakoa den, nahiz eta oraindik zer hobetua badagoen, ondo dagoela beste batzuekin alderatuta. Bestalde, esperientzia ikaragarria bizi izaten ari naiz. Oso gustura nago.