Lehertu dira Santa Ana jaiak Ordizian
Giro bikainarekin hasi dituzte Ordizian Santa Ana festak. Haurren astebukaerari erreleboa hartuta, Jakintza ikastolako ordezkariek eta Jesus Mari Larizek bota dute gaur 12:00etan puntuan, aurtengo Santa Ana festetako jaien hasiera ofizialeko suziria. Ikastolak, 50 urte bete ditu aurten eta Larizek, herriari eskainitako bizitza baten ondoren, jubilatu berri da, horregatik izan dira aurtengo pregoilariak.
Ordiziako Plaza Nagusia bete egin da, aurtengo jaiei hasiera emateko. Pregoilariek, «ilusio handiz» bete dute jarri dieten zeregina. Jakintza ikastolaren partetik, Amaia Aierra ordizirra izan da suziria jaurtitzen. Hark esandakoaren arabera, «ikastolaren urteurren ekitaldiak amaitutzat ematen» zituzten baina udaletxetik pregoilari izateko eskaera egin zieten, beraz «ikastolaren urteurrenaren amaiera, Ordiziako Santa Ana festen hasiera izan da aurten». Ordizia, jaioterri du gainera Aierrak eta egunen batean jaietako pregoilari izango zenik «imaginatu ezin» zuela adierazi du. Jakintza ikastolaren izenean jaiei hasiera ematea «ohore handia» izan dela nabarmendu du, lehenengo aldia baita berarentzat, festa udaletxeko balkoitik bizi duela.
Ikastolako ordezkariarekin batera, Ordizian aski ezaguna den Jesus Mari Larizek bota du suziria. Herriko festei lotuta pasatu du bizitza osoa baina aurten, esan daiteke festaren beste aldean egotea egokitu zaiola. «Sorpresa handiz jaso nuen pregoilari izateko eskaera», horiek izan dira Larizek berak gaur udaletxean suziria bota baino minutu batzuk lehenago esandakoa. Orain arte, Santa Anetaz gozatzen baina lanean igaro izan ditu festak Larizek. Aurten, «danborrada eta klasikoa prestatzen laguntzen aritu» da baina gainontzean, «lasaitasun handiagorekin» biziko ditu festak, «biloba eta familia giroan, orain arte ia egin ezin izan» duen moduan.