Idatzi, zuzendu eta aurkeztu duen 'Ezusteko talka' lehenengo film laburraren estreinaldi beroaren ondoren, zinemaren bidez kontatzeko istorio asko ditu lazkaotar gazteak.Erakutsi duzu 'Ezusteko talka' filma, zure lehenengoa.Bai, lehenengo film labur se...
Idatzi, zuzendu eta aurkeztu duen ‘Ezusteko talka’ lehenengo film laburraren estreinaldi beroaren ondoren, zinemaren bidez kontatzeko istorio asko ditu lazkaotar gazteak.
Erakutsi duzu ‘Ezusteko talka’ filma, zure lehenengoa.
Bai, lehenengo film labur serioa da. Orain arte pare bat bideoklip eginak nizkion Iker Laurobari. Gidoia idazten hasi, eta lehen unetik argi neukan Aitziber Garmendiak egitea nahi nuela. Ez dakit zergatik, espresioren bat ikusi niolako filmen batean.
Aitziber Garmendia eta Jose Ramon Soroiz dira aktoreak. Joxean Bengoetxea ere ageri da. Nolako errepartoa, ezta?
Garmendiak komentatu zidan zein gustatuko litzaiokeen berari beste bi aktoreak izatea. Ez nuen batere dudarik eduki. Soroiz buruan neukan, eta desiatzen nengoen izen hori planteatzeko. Josu Gonzalez ere gurekin aritu da lanean,
Errementari-ren postprodukzioa egin duena. Soinuarekin oso lan ona egin zuen. Urtebete edo gehixeagoko lana izan zen
Ezusteko talka. Joseina Etxeberriak ere agerpen txiki bat dauka, irratiko
off-eko ahots modura, elkarrizketa txiki batekin.
Zer moduz sentitu zara lanean?
Soroizek aurkezpeneko elkarrizketan aitortu zuen hasieran beldurtxo bat bazeukala, jende gaztea eta hasi berriak garelako. Baina nik konfiatuta ikusi ditut beti, eta niri ere konfiantza handia eman zidan. Egia esan, aktore eta lankide ezagunak izatea gidoiak berak ekarri du.
‘Ezusteko talka’-n landu duzun gaia, suizidioarena, ez da makala, hasteko.
Nahiko gai potentea da, bai. Iruditzen zait, zineman gutxi lantzen dela, eta, lantzen denean, oso gainetik. Gidoia idazten ari nintzenean ez nintzen kontziente zertaz hitz egiten ari nintzen. Filma nahiko gordina da, eta gaia tratatzeko orduan zuzena izan naiz. Krudeltasuna bilatzeko nahiko neutral izaten saiatu naiz; gehiegi, agian. Krudeltasuna nahita bilatutakoa da.
Zer dela eta gai hori?
Gertuan ez dut inoiz kasurik izan. Betidanik gustatu izan zait heriotza aztertzea, dakartzan ondorioak eta arrazoiak aztertzea.
Ezusteko talka nahiko bat-batean etorri zen, blokeo existentzial edo kreatibo batean nengoen egun batean. Garbi neukan kontatu nahi nuen inportanteena ez zela istorioan kontatzen zena, baizik pertsonaien arteko binkuloa. Bien artean gertatzen den hori plasmatzen saiatu naiz, jendea ikusten ari den hori benetan gertatuko balitz bezala ikusteko.
Pantailan errealismo hori nola islatu, erronka handia izan da?
Pertsonen arteko hori kontatzeko suizidioaren gaiak asko lagundu zidan, gehien bat denbora bat geneukalako, bi pertsonaietako bat edozein momentutan joango zelako. Kontuan eduki beharra daukazu zer elkarrizketa erabili, zer gorputz es- presio… Asko gustatu zitzaidan erronka hori. Aitziber Garmendiari komentatu nionean, ez neukan ideiarik berari benetan gertatu zitzaiona zela.
Uztailaren 16an estreinatu zenuen Arerian. Zer moduz?
Nahiko urduri nengoen. Arazo teknikoak ere eduki genituen irudi eta soinu aldetik: proiektorea ez zebilen guztiz ondo, soinua ez zen entzuten… Beraz, hasiera emateko, eduki daitekeen hasiera onena [barrez]. Egun luzea eta mugitua izan zen, lan askokoa. Espazio bat muntatu genuen agertokian, sofa batzuekin, lehenengo estreinuaz oroitzapen polita gordetzeko.
Jendearen aldetik zer harrera sumatu zenuen?
Filma ikusi, eta txalo artean irten ginen. Harrera polita eduki genuen. Geroko elkarrizketan jada asko lasaitu nintzen. Iñigo Asensio aurkezleak [ekoizlea ere bada], Garmendiak eta Soroizek saio guztiz atsegina, naturala eta oso gertukoa egin zuten, eta lasaitasuna eta segurtasuna ematen du horrek. Jende artean malko batzuk ikusi nituen, eta asko gustatu zaiela esatera asko hurbildu zitzaizkidan. Halakoetan ez dakizu benetan zenbat gustatu zaion bati, edo zu ondo sentitzeko esaten duten; baina egia ikusi nuen beraien begietan.
Zer ideia dituzu orain buruan?
Ezusteko talka-ren estreinaldiaren ondoren, konturatu naiz ideia pila bat eta gauzak kontatzeko gogo handia dauzkadala. Kontatzeko beste modu batzuk bilatu nahi ditut. Niri asko gustatzen zaidan jeneroa
thrillerra eta poliziakoa da. Hori oinarri bezala hartu, baina eremu intimoago batera eraman nahi dut.
Bi proiekturekin nabil orain. Beste film labur bat prestatzen ari naiz, oraindik idazketan. Idazten eta egiten ditudan gauzetan nire zerbait sartzea gustatzen zait: nire bizipen bat, gertaturiko zerbait, ikusitakoren bat… Horrez gain, film luze bat idazten ari naiz, pertsonaietan gehiago zentratuta. Umeen heziketa gai garrantzitsua izango da. Eta, beti bezala, heriotza eta bakartasuna erretratatzen dituen istorioak sartuko ditut.