«36ko gerraren ostean, dena izan zen gosea eta dena izan zen beldurra»
Aurreko ekainaren 18an 100 urte bete zituen Ixabel Ugartek. Oñatin jaio zen eta zazpi urte zituela familia osoarekin aldatu zen Legazpiko Bergaretxe ...
Aurreko ekainaren 18an 100 urte bete zituen Ixabel Ugartek. Oñatin jaio zen eta zazpi urte zituela familia osoarekin aldatu zen Legazpiko Bergaretxe baserrira, Brinkola eta Telleriarte auzoen arteko mugan. Dotore jarri da elkarrizketarako. Altua da eta argala, eta ilea tindatu berri du. Bere begi urdinen besteko argitasunaz kontatu du bere bizimodua, orainaldira begira baino, iraganera begira. Eta kontatu dituenak azoketara joateko erabiltzen zituen saski batean sartuz gero, perla bete saski bat litzateke. Emakume alaia da, kantuan trebea eta dantzan ere halakoa izandakoa. Orain bi pena ditu. Ibiltzeko zailtasunak dauzka, mokorra puskatu zuenetik pauso bakoitza zuhurtziaz ematen du. Beste pena da bere adineko guztiak dagoeneko joan direla. Ixabelek egunerokoa idazten du, egunero. Gaztelaniaz idazten du hartan bakarrik ikasi baitzuen idazten.
Oñatitik Legazpira.
Gure aita eta ama, denak oñatiarrak ziren. Oñatin, baina, lanik ez zegoen. Gure aita hargina [igeltseroa] zen eta lehengusu baten bitartez etorri ginen Legazpira.
Nolakoa zen iritsi zineneko Legazpi hura?
Ene, Legazpik egin ditu hamar buelta. Ordurako fabrika handiak bazeuden. Gure aitaren lehengusua oso aurrean zegoen Patrizio Etxeberriaren fabrikan, ez zen han lanean ibili, baina hango izkinetan paretak egiten ibili zen.
Senide asko al zineten?
Zortzi senide ginen. Gurasoak seirekin etorri ziren. Umetxo bat Azpikoetxen jaio zen, pulmonia harrapatu zuen, enplastuekin-eta ibili ziren, baina hil egin zen. Orduan pulmonia harrapatuz gero, kitto umeak. Beste anaia bat, gerrako garaian, lanera zihoala, zaurituak Legazpira ekartzera zihoala bertan geratu zen, hilda, arratsaldeko lau t’erdietan. Azpikoetxetik Bergaretxera aldatu ginen.
Gogoan duzu 36ko gerrak eztanda egin zuenekoa?
Gerra jaiki zenean Santa Marinan geunden gu, dantzan. 18 urte nituen. Orduan neskalaguntzen egiten zen, etxera lagundu zidan mutil batek. Baina gerra jaiki zen eta hura gerrara joan zen. Hemengo mutil asko joan ziren eta asko hil ere bai, hemen bertako auzokoak.
Aitak Saletxera bidali ninduen, han anaia zuen. Gure lehengusuak han zeuden eta haiek ihes egin edo zer egin ote zuten jakiteko, gure aitak sosegurik ez zuenez, neu bidali ninduen Saletxera, hemezortzi urteko neska gaztea! Ni beharko joan, bueltan banentorren esanez mutilok joanak zirela, eta orduantxe Bergaretxe baino beherago zegoen Kortara Falangearen batailoi oso-oso bat sartu zen eta nola jantzita gainera!
Auzoa gizonezkoz hustu zen?
Erreketeak Irazolatik sartu ziren Legazpira eta niri Bergaretxetik astoarekin esnea hartuta kalera joatea egokitu zitzaidan egun hartan. Sartu ziren erreketeak eta orduantxe udaletxe aurrean zeuden gizon denak ihes egiteko prestatzen, eta erreketeak tiroka eta ni etxera, astoa saltoka nekarrela. Gure etxera zubi azpitik pasa behar zen eta andre-gizon bat txahalari tiraka ikusi nituen; txahala milizianoentzako zekarten.
Beti baserrian bizi izandakoa zara, ezta?
Bergaretxetik ezkondu nintzen ni Pastainera. Beti baserrian bizi izan naiz, beti lanean. Bergarako baserri batera kriada joan nintzen 13 urtetik 15 urtera arte. Han egunero pikuak, patatak, esnea, letxugak jaso, astoa hartu, eta Bergarara plazara joaten nintzen. Plazara joatekoak prestatu, hango lau haurrak zaindu eta sagardotegia ere bazegoen etxe hartan. Bergaretxera 15 urterekin bueltatu nintzen eta han ere lana. Otea ateratzen, sastrakak kentzen, zelai izkinak garbitzen…
Neskek mutilek bezala egiten zenuten lan, ezta?
Igoal-igoal. Nik gazterik ikasi nuen labesua egiten [baserriko labean egiten zuten ogia]. Aurreko egunean berantza egin, masa egin eta lotan eduki, gero labea etxe ondoan genuen eta han sartu. Garai hartan, hala ere, gari gutxi zegoen eta irinari patata nahasten hasi ginen, egositako patata.
Baserriko bizimodua ez zen batere erosoa, ezta?
Bergaretxetik Pastainera etorri nintzenean, bi etxebizitza zeuden bertan. Batean komuna bazegoen, zulo bat goitik behera kaka egitekoa, bestean komunik ez, kitto. Etxean urik ez zegoen, errekan belauniko jarri, arropak xaboitu eta han garbitzen genituen. Bi gela goian eta behean sukaldea, eskailera bat zegoen igotzeko. Besterik ez zen.
Zenbat urterekin ezkondu zinen?
26 urterekin. «Oraindik gaztetxoa zara», esan zidan Brinkolako abadeak. Oso elizkoia nintzen ni, kantuak-eta asko gustatu izan zaizkit.
Garairako ez zinen horren gazte ezkondu, baina gerraren eztandak 18 urterekin harrapatu zintuen, akaso horregatik?
Gerra… Bergaretxetik entzun egiten zen horko fronteko zarata, ta-ta-ta-ta.
Gernika eta Durango bonbardatzera joan ziren hegazkinak akorduan dituzu?
Bai, bai. Vitoritik [Gasteiz] etorri ziren, bonbardaketa bat jai batean izan zen. Aeroplanoak bata bestearen atzetik burrunba batean pasa ziren.
Miseria asko pasa al zenuten gerran?
Guk baino miseria gehiago kalean pasa zuten. Gu pobrezian eta lan asko egiten ohituta geunden, baina kalekoak eroso-eroso zeuden eta hori etorri zenean kalean ez zegoen ezer. Egurra eramateko ilara egoten zen, egurrik ere ez zegoen, jateko ogirik ez, boniatoak zeuden, errazionamenduan boniatoa egon zen.
Gero Francok gerra irabazi, eta hemengo giroa arrarotu-edo egin al zen?
Hemen Telleriarteko elizan kanpaia asko jo ziren gerra amaitu zenean. Gero gosea etorri zen. Dena estraperloa zen. Gazteak Altsasura joaten ziren ogitara, garitara. Guk garia geneukan, sail handiak genituen eta labesua egiten genuen. Garia ehotzeko ere, urtetan errotak itxita egon ziren, Oñatira edo Mutilora joaten ginen. Mutiloan errota zahar bat zegoen, asto txiki bat genuen eta hara joaten ginen, beldurrez baina. Dena zen beldurra. Estraperloan ere dena, beldurra.
Garai hartako emozio indartsuena beldurra zela esango zenuke?
Bai. Egun batean Udanako familia baten alaba astoarekin gari bila joan, eta jai goiz batean, ni hemen nengoela, guardia zibilek hartu eta hark handik ekarritako garia hartu zioten eta udaletxera eraman zuten. Bestela ere, jasotzen genuenaren zati bat eman behar genuen.
Eta isilik egon beharra, ala?
Bai, beharko, bestela… Fusilatutakoak ere egon ziren. Auzo honetan eta etxe honetako mutil bat ere bai. Batzuk gerrak soldadutzan harrapatu zituelako, beste batzuk joan egin zirelako.
Hemengo bertako milizianoak… Miliziano gizajoak, aldean zuten arroparekin mendi puntan, Zegama inguru hartan ibili ziren. Hona sartu zen Falangea, gure auzora behintzat Falangea sartu zen eta haiek bai, ze traje, ze kantinplora!
Francok gerra galduko zuenaren itxaropenik izan zenuten?
Guk ez genuen nahi Francok gerra irabaztea, baina hura indartsuago ibili zen. Kanpotik ekarri zituen beltzak eta inon direnak. Elgetan beltzak eta denak sartu omen ziren, egundoko matantzak egin zituzten. Jakina zen Francok irabaziko zuela; hemengo milizianoek ez zuten ezer, hemendik gure edadeko mutil asko joan ziren, asko hil ziren.
Auzotik hainbat joan zirela eta ba al duzu norbait akorduan?
Inazio Errekabide. Makina bat dantza egin nuen nik harekin. Gero gerra jaiki zen eta horiek bik aurrera egin zuten. Gero gizajoak Santoñan (Kantabria) egon ziren kartzelan eta guk paketeak bidaltzen genizkien. Han fusilatu ere asko egin zituzten. Zortea izan zuen handik irteteko behintzat. Gero trabajadoreetan egon zen [Batallon de Trabajadores].
Gerra ondorena gerra bera bezain gogorra izan al zen?
Bai, gerra bezain gogorra izan zen. Gorroto handiak egon ziren, fusilatu ere egiten zituzten. Guk, gurean, lana egin eta lana egin. Patatak-eta egiten bagenituen kalekoei saldu egiten genizkien, patata beltza ere bai. Gorrotodun jende asko zegoen. Hemen auzoan bertan, eta orain, hala ibili zirenek ikurrina jartzen dute, nik badakit, nik dena dakit.
Pastainera etorri zinenekoak kontatuko? Orduko zure bizimodua nolakoa izan zen?
Nik Jainkoari eskerrak hartu nuen gizon on bat. Gure etxean bi etxebizitza eta komun bakar bat zeuden, sartu eta behiak aldean, oiloak eskailera arte horretan zeuden. Gu egon ginen bitartean, ni akordatzen naiz, neu ere pobrezia pasatakoa nintzela eta etxe honetako zaharrenak, Joxe Marik, arditxo batzuk ibiltzen zituela eta ostiral batean arkume bat saskian hartu eta Ordiziara eraman zuela saltzera. Arkume bakarra! Hura zen hura pobrezia! Mendiak eta zelaiak hor zeuden, baina dirurik ez zegoen eta lana ere askok eta askok ez zuten.
Gure Felixek [senarrak] Patrizion fabrikan [Etxeberria] lan egiten zuen eta ez zen gerrara joan, hura zorte handia izan zen. Nahiz eta modudunak izan, etxe inguruan zebiltzan mutil denak, fabrikara joan beharrean gerrara joan behar izan zuen, al frente.
Eskolara joan al zinen?
Eskolara oso gutxi joan nintzen, horren partez kriada lanak edo beste lan batzuk egin nituen. Kortako Julio eta Felixi artilezko galtzak egiten genizkien eta haiek kartak idazten zizkiguten. Teruelgo Frontean ibili ziren eta hala idazten zuten: «estamos aquí, en el frente, vamos a morir, estamos congelados». Gerora, Benidormera (Alacant) joaterakoan Terueldik pasatzea tokatu zitzaidan eta hura etorri zitzaidan niri burura. Nik idazten dakidana haien kartengatik dakit. Gau osoa pasatzen nuen karta haiek irakurri nahian.
Nik eskolarik ez nuen ikasi, ni beti kriada. Urtean berrogei duro ematen zizkidaten, aita joanda kobratzen zituenak, eta gero jantzi egiten ninduten, egin zidaten abrigo eder bat. San Joan batzuetan, Telleriarteko jaietan, sagardoa egiten genuen eta poltsakada bat sagardo botila eta lau duro eman zizkidaten. Hamalau bat urterekin etorriko nintzen, Bergaresan, eta lau duro haiek hanketan ekarri nituen, bina duro bakoitzean, lapur batek harrapatuko zizkidalakoan. Gure amak gustura hartu zituen.
Zu beti euskaraz, ezta?
Erdararik ez genuen eduki. Guk dena euskaraz egin genuen. Baina hori da gauza, idatzi dena castellanoz.
Baserrian zer lan egiten zenituen?
Goldean, ereiten, garia jotzen eta bizkarrean ere zama ugari ekarritakoa naiz ni. Asto lan asko egindakoa naiz. Etxeko lanak ere egiten nituen, hemengo amak bihotzekoa zeukan. Pentsa hemengo ama ere! Orduko miseria eta orduko fintasuna. Ni hona ezkondu eta gure hemengo amak txerria egosteko, orduan txerria hiltzen zen, galdara gu ohera joateko garaian jartzen zuen sutan egurra gastatzea ere pena zelako. Orduko gauzak sinesgaitzak dira, ez dago esaterik.
Nik hemen esku artean dirua eta modua eduki nuen. Gizona lanera joaten zen eta gero etxean geratu zen basoetan planteoak-eta egiteko. Ez zen Patrizio Etxeberrian jubilatu, aurretik geratu zen etxean. Terreno asko geneukan eta lehengusu batek esan zion “geratu hadi etxean” eta halaxe geratu zen gure Felix etxean.
Plaza andrea izan zara.
Plazara Legazpira eta Ordiziara joaten nintzen. Askokin elkartzen nintzen, gaur baino gehiago bertako jendea egoten zen plazan. Tolosa inguruko tratanteak oilaskoak-eta erostera etortzen ziren eta bertako jendea elkartzen zen. Ordiziara untxiekin joaten ginen. Eramaten genituen oinetan. Ordizian tratua kalean egoten zen, ez plazan, orain bezala. Tratanteak etortzen ziren plazara. Gu Brinkolara joan, trenean sartu eta Ordiziara. Gero han kaletxo hartan zakua oinetan jarri, negua baldin bazen hankak epelak edukitzeko. Azoketan gehienak emakumezkoak ginen. Pezeta hartzeko joaten ginen, pezeta hura kontatuta egongo zen zerbaiterako.
Guk erosteko, bestalde, etxeraino etortzen zen arrandegikoa, garai hartan arraina orain baino gehiago zegoen, angulak eskuekin hartzen genituen. Ogia ere bai. Orduan zaldiekin etortzen ziren eta batzuk kotxeekin.
Baserrietan bizi zinetenak errentan zeundeten, ezta?
Bergaretxe zen Sotomayorreko markesaren etxea. Orduan hamalau etxe zituen [banan-banan zerrendatu ditu etxe guztiak]. Etxeak eta haien basoak denak ziren Sotomayorrenak. Gabonetan ordaintzen genuen errenta. Txintxo edukitzen genuen, txahalen bat saltzen bagenuen, sukaldetik pasadizoan goian armairu txiki bat genuen eta han gordetzen genuen urtean behin pagatzeko errenta. Gero errenta ordaindu, eta gizonak loteriako billete batekin etortzen ziren. Santa Lutzi inguruan ordaintzen zituzten errentak.
Udaberrian Donostiara etortzen zirenen oilaskoak eta arrautzak eramaten genizkien. Egunak ipintzen zituzten, halako baserrietakok halako egunean ekarri… Haiek veraneoan etortzen ziren Donostiara eta orduan kriadak bidaltzen zituzten.
Soroak ere bedeinkatzen zenituzten.
Bai, bai. Konjurua esaten zitzaion. Etortzen zen apaiza mezamutilarekin. Guk atzean pitxar bat ur genuen eta gure etxe atzean intxaur handi bat zegoen, haren azpira joaten ginen. Apaizak han egiten zuen bere errezua eta guk ura gordetzen genuen, heriotzaren bat-edo bazetorren erabiltzeko. Maiatz inguruan egiten zen. Haiei ere hamarretakoa edo dozena erdi bat arrautza, ondo kontatuta, hori ere eskaini behar genien apaizari eta mezamutilari.
Ehun urte bete dituzu.
Bai, gora behera asko ikusi ditut nik. Aldaketa asko. Udanan galdarak etortzen ziren meategietatik, noizko kontuak dira horiek! Gu anaia batekin garoa ebakitzen eta tan-tan-tan jotzen zuen Udanan han lanean zebiltzan haientzat, eta gu gustura ama etorriko zelako bazkariarekin.
Legazpira lehenengo langile uholdea etorri zenekoa gogoratzen zara?
Auzo hau beteta egon zen, dena zen derecho a la cocina, guri labea ere eskatu ziguten, ez zegoen etxerik. Orain lau katu ere ez gaude Telleriarten, baina orduan dena beteta egon zen. Legazpin aurretik lau etxe zeuden. Parrokiatik goitik behera Seguraren etxe hori zegoen, nik hori hor ezagutu dut. Gero parrokoaren etxea. Elizondo, hori ere beti egon da hor. Ondoan kojoa esaten ziotenarena, Muruarena, harategia, iturritxo bat eta beste aldean okindegia, Andresenea eta hori zen Legazpi, handik hotelera. Nik hori dena aldatzen ikusi dut. Hor ibiltzen nintzen ni orduan. Goiko auzoan dena baserriak ziren, hor ez zegoen etxerik.
Patrizio Etxeberriak etxeak egin zituen arte. Nor izan zen?
Legazpiko jabea zen, nik ahizpa bat Patrizion iloba batekin ezkonduta nuen, señoren etxeko batekin. Patrizio dena zen Legazpin. Bere andreak Teresa zuen izena [Agirre], baserrikoa zen, Brinkolako Igeraldekoa eta baserritik salto hori egin behar da…
Dibertitu ere egin zara. Dantza asko egindakoa zarela esan duzu.
Guk Brinkolan egiten genuen dantza eta Franco handik urruti zegoen. Brinkolan mugimendu asko zegoen, Oñatiarra etortzen zen Brinkolara, orain estazioko jeferik ez dago, baina orduan jefea eta denak zeuden, trenak gelditzen ziren. Asko nabaritzen zen tren geltokia zegoela. Guardajurauak, interbentoreak eta denetik zegoen Brinkolan.