Aspaldi hasita dago uda, abuztuak, alabaina, opor usaina dauka askorentzat . Festek, ordea, ez dute oporrik egingo . Goierriko herri txikiek eta auzoek jaien lekukoa hartuko diete herri handiei
Abuztu atarian, eta hastear dagoen hilabetea pertsona guztientzat oporraldiaren sinonimoa ez bada ere, hala da askorentzat. Goierrin festak etengo ez badira ere, beste ukitu bat hartuko dute eta, herri handiak lozorroan geratzen diren bitartean, jai giroa auzoetan eta herri txikietan barreiatuko da. Gaur bertan hasiko dira Legazpiko San Inazio auzoko jaiak. Nekez, baina egitarau oparo eta guzti, oraindik ere bizi-bizirik eusten diete auzotarrek festei. Eta, hala, San Inaziotik hasi eta San Agustineraino, santuen eskutik saltoka joango dira festak Goierrin.
Legazpiko San Inazio auzoko jaiek gaur egingo dute eztanda, eta auzoko elkartea kanbio-etxe bihurtuko dute, bertan euroak aldatu eta inaxioak zirkulazioan jarriko dituzte eta. Andoni Zabaleta jaietako antolaketa taldeko kideak azaldu du, «txosnatan lanean aritzen direnak ez dira zerbitzari profesionalak eta, besteak beste, haien lana arintze arren hasi ginen inaxioak erabiltzen». Euro bat bi inaxiotan aldatzen dute.
Aurreko urteekin alderatuta, egitarauan ez dago aldaketa askorik. Zalantzan dago Eufemiano Iturri txirrindulari proba egingo duten edo ez, artean jende gutxik eman duelako izena. Probak Eufemiano Fuentes kirol medikuaren izena hartu zuen abizenaren euskarazko ordaina erabilita, eta medikuak berak haren berri izan eta bideo bat bidali zien, «itzela izan zen dopinaren kontura izandako arazoak arazo, bideoa bidali izana». Umorea da San Inazioko jaietako gozagarri ezinbestekoa.
Urbian ere ospatuko dute San Inazio eguna. Pistaren egoera txarra dela-eta, jeepetan eta arretaz igotzea ohartarazi dute.
San Lorentzoko izarrak
San Lorentzoko ozar-izarrekin iritsiko dira Gabiriako festak, eta San Rokeri eskua emanda, abuztuaren 17ra arte luzatuko dira, tartean Andre Mariari lekua eginda. Egitarauak hainbat aldaketa eta izar dakartza. Aurten bertan sortutako Agirin emakume taldeak egingo du pregoia eta eraso sexisten kontrako protokoloaren berri emango du.
Gabirian kuttunak dira dantza zein bertsoak eta jaien egitaraua horren isla da. Goruntz dantza taldeak saio bakarra egingo du aurten, taldeko haurrena eta helduena bateratuz.
Iñigo Igartzabal zinegotziak «Gabiria oso bertsozalea» dela dio, eta aurten Osinalde Saria irabazi duen Txaber Altube abadiñarraz gain, Aratz Igartzabal gabiriarrak ere kantatuko du. Saioa lehenengoz egingo dute arratsaldez eta plazan. Nabarmentzekoa ere, aurtengo kontzertu izarra: Glaukoma.
San Bartolomeak Itsason
San Bartolome jaiak Itsason // M. Igartua.
Itsasoko jai nagusiak ere abuztuan izango dira, San Bartolome egunaren bueltan, 23tik 26ra. Ohiko bazkari eta lehiaketez gain, aurten hainbat ikuskizun izango dituzte. Potxin eta Patxinek umeentzako ikuskizuna egingo dute; ostiralean, Sukarra 37 taldearen kontzertua izango da; eta larunbatean, Maddalen Arzallus eta Juanjo Allurren emanaldia izango da. Igandean berriz,
Handia filma ikusiko dute, itsasoarren bertan izan zuten parte-hartzea gogoratzeko.
Andre Maria eguna hainbat herritan ospatuko dute eta bereziki ospatu ere Zerainen abuztuaren 13an hasi, eta 17an herria txukunduko duten arte. Abuztuko bigarren astean izango dute zegamarrek jaien egitarauaren berri. Brinkolako San Agustin jaiekin amaituko da opor festen ibilbidea Goierrin.
Zegaman abuztuaren 22tik 26ra bitartean ospatuko dituzte San Bartolome jaiak. Udalak ez du oraindik egitaraua zabaldu.