Muskildiko gazteak maskarada antzezten
Idiazabal eta Muskildi adiskidetutako herria dira. “Muskildik ere badugu ezaugarri propioak dituen gazta bat, Idiazabalek bezala, eta horregatik, lotura berezia dugu. Orain, lotura hori indartu nahi dugu maskaradarekin”, azaldu du Xabi Elgart maskaradako protagonistetako batek. Xorrozaren papera egin du Elgartek.
Harrera ona izan du ikuskizunak Idiazabalen. Frontoi zaharrea dozenaka herritar elkartu dira, adin tarte guztietakoak, eta gogotik txalotu dute antzezleen lana. “Hizkuntza aldetik aldaketa txiki batzuk egin ditugu. Kezka genuen xiberotarrez ea dena ongi ulertuko zen, eta kanta batzuk egokitu ditugu. Baina gainerakoan ez dugu deus aldatu, kulturalki garrantzitsua delako guretzat. Gainera, guretzat berezia eta garrantzitsua da Gipuzkoan zer egiten dugun erakustea”, dio Elgartek.
Maskaradak, normalean, ihauteri garaian egiten dira, eta hiru zatitan banatutako ikuskizuna da. Goizean, barrikadak hausten dituzte. Hau da, maskarada antolatzen duen herrian sartzen dira ikuskizuneko pertsonaiak eta hara eta hona ibiltzen dira herriko etxerik nagusienak bisitatuz. Idiazabalen, baina, ez dute barrikadarik egin, soilik arratsaldeko ikuskizuna egin dute: ofiziotan ibili dira aurrena, eta jolasean gero. “Arratsaldean, antzeztuz, herriko berriak plazaratzen ditugu. Berri onak eta txarrak. Kakotxen artean, epaiketa bat da, argi izan dezaten herritarrek zer gertatu den”.