Iñigo Urkullu Ordiziako ohorezko liburuan sinatzen
Ordizian Santa Ana festak amaitu dira, baina ospakizunek ez dute etenik. Gaur, hiribilduaren sorreraren 750 urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionala izan dute udaletxean. Hara bertaratu dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Markel Olano diputatu nagusia, Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidentea, Arantxa Tapia ekonomiaren garapena eta azpiegituretako sailburua eta Bingen Zupiria kultura eta hizkuntza politikako sailburua. Jose Miguel Santamaria alkatea eta gainerako zinegotziak ere ekitaldian izan dira.
Lehendakariak adierazi duenez, “urteurrena aukera ona da iraganaren inguruan hausnartzeko eta etorkizunari begi berriekin begiratzeko”, eta gaineratu du, “Ordizia hiribildua herri bizia da, langilea, aitzindaria, balio sakonetan sustraitua, mundu zabalera irekia, kulturan eta bizikidetzan sinesten duena… Berezko nortasuna duen herria da”. Era berean, Ordiziak hiru sektoreekin duen harreman estua goraipatu eta balioan jarri du Iñigo Urkulluk.
Markel Olanok ere hartu du hitza. Diputatu nagusiak azpimarratu du Gipuzkoako erakundeen sorreran berebiziko garrantzia izan duela Ordiziak: “Ordizia Gipuzkoaren sorreraren eta egituratzen prozesuaren muinean egon da. Egun, Gipuzkoa, lurralde solidario, aurreratu eta dinamikoa da, eta ordiziarren ekarpena ezinbestekoa izan da horretarako”. Ekitaldi instituzionala borobiltzeko, udaleko ohorezko liburuan sinatu dute agintariek.
Ordiziarren parte hartzea handia izan da goiz osoan. Txistulariek alkate soinuarekin hartu dituzte agintariak, eta aurreskua ere dantzatu diete. Ordiziako abesbatzak ere parte hartu du, Txanton Piperri eta Agur Jaunak abestuz. Halaber, iraganeko legegintzaldietan udaleko kide izandako hainbat herritar ere bertaratu dira. Amaieran, familia argazkia atera dute azokako plazako eskaileretan.
Ordizia 750 ekitaldi instituzionaleko familia argazkia