Abuztuaren 25ean hasiko da futboleko hirugarren maila. Aurten, bi ordezkari izango ditugu IV. multzoan: Beasain eta Ordizia. Dagoeneko badabiltza liga hasira prestatzen, eta sasoi puntu egokiaren bila, Beasaindarrek triangeluar bat jokatuko dute gaur arratsaldean Mutilvera eta Arnedoren aurka. 19:00etatik aurrera Mutiloabeitiko futbol zelaian.
Uztailaren 16an hasi ziren entrenamenduetan
Bareek, dagoeneko Pasaiaren aurka jokatutako partidaz gain, adiskidantzazko beste lau partida jokatuko dituzte txapelketa ofizialak hasi aurretik. Nabarmentzekoa, abuztuak 18an goierritarren arteko derbia jokatuko dutela. Ligan, abenduaren lehenean eta apirilaren hemezortzian neurtuko dituzte indarrak.
Iazko denboraldiarekin alderatuta, aldaketa ugari izan dira lehen taldean. Jose Luis Ribera da entrenatzaile berria, eta bere lan–taldea Oinatz Oruek, Jon Izagirrek, Julen Esnaolak, Unai Zurutuzak, Asier Dorronsorok, Iñaki Apalategik, Rafa Jaritek, Enrique Pradok eta Javi De Leonek osatuko dute; jokalariei dagokienez, zortzi baja izan dira eta zazpi jokalari berri etorri dira: Ivan Castillo, Aritz Eguren, Altair Reyes, Unai Aranbarri, Julen Lafuente, Julen Iriarte eta Eñaut Mendia.
Gaurkoa aukera ona izango da taldearen garapena ikusi eta denboraldia hasi aurretik konpondu beharreko nabardurak identifikatzeko.