Laureano Telleriak kanpai doinu bereziak joko ditu bihar Euskaraldia sustatzeko kanpainaren barruan
40 metroko altuera du Segurako kanpandorreak
Seguran hainbat ekitaldi antolatzen dituzte hilabete bakoitzeko hamaikagarren egunean. Helburua Euskaraldia sustatzea da. Gaurkoan Laureano Telleriaren ardura izango da, eta bere zaletasunik handienetako baten bidez hauspotuko du Euskaraldia: kanpaiak joko ditu. “Betidanik gustatu izan zaizkit kanpai doinuak. Gaztetan ikasi nituen jotzen, eta oraindik ere egiten dut”, azaldu du Telleriak. Doinu berezia joko du: “Bi kanpai handiak batera joko ditut, gero bueltako bi kanpaiak, eta amaitzeko su kanpaiaren zati bat. Aurretik ere jo izan dut hau, eta asko gustatu izan da”.
Seguran bost kanpai daude: kanpai nagusia (1950 kilo), hil kanpaia (1450 kilo), kanpai bueltako handia (320 kilo), kanpai bueltako txikia (280 kilo) eta meza kanpaia (185 kilo). Kanpai hauen arteko konbinaziotik irteten dira doinu guztiak. “Gal ez daitezen, doinu guztiak ditut jasota. Baina oraindik ere doinu batzuk jotzen dira”. Telleriak kanpaiak garai bateko komunikabideak direla dio. “Irrati, telebista eta internetik ez zegoenean, kanpaien bidez jakiten genituen jakin beharrekoak. Norbait hil bazen, hil–kanpaiak jotzen ziren. Are gehiago, gizonezkoa edo emakumezkoa bada, doinua desberdina izaten da. Eta berdin suteren bat gertatzen bazen, mezetarako ordua bazen…”.
Garai bateko sekretuak gogoan ditu: “Apaiz bakoitzak meza–kanpai propioa zuen. Hortaz, bazenekien zein izango zen meza emango zuen apaiza. Meza ematen ez duten apaizak konfesatokian egoten ziren, eta denok izaten genuen begiko apaiz bat penitentzia txikiagoa jartzen zigulako. Noiz joan mezatara eta noiz konfesionatzera kanpai doinuei esker jakiten genuen”. Halaber, lur–sailek gehiago edo gutxiago balio zuten kanpaiak entzuten baziren edo ez. “Kanpaiak entzuten baziren, edozer jakin zenezakeen. Horregatik, %30 ere garestitu zitekeen lur–sail bat. Salerosketa egin aurretik probatan ibiltzen ziren interesatuak salerosi–kanpaiekin”, azaldu du Telleriak.
Segurako kanpaiak 1730. urtean jarritakoak dira, eta eztainuaren eta kobrearen arteko aleazio batekin eginak daude. 40 bat metroko altueran daude: “Auskalo nola igoko zituzten halako kanpai pisutsuak horra gora”, galdegiten du Telleriak.
“Garai batean, Gipuzkoan, bost kanpai–fabrika zeuden. Orain bakar bat ere ez da gelditzen Euskal Herrian”,dio atsekabeturik. Kanpaiak jotzeko ohitura galtzen ari da Telleriaren ustetan: “Heldu denek dakigu kanpai doinuak irakurtzen, baina gazteek ez. Transmisio hori moztu egin da, baina berreskuratu beharko genuke”.