'Guztak' bost altxaldi eman dizkio Baliarraingo harriari
158 kiloko harri baldarra da, Ibiur urtegitik ateratakoa
Baliarraingo (Gipuzkoa) festetan, aurten lehendabizikoz, Ibiur Harri Txapelketa antolatu dute. Zazpi harri–jasotzailek hartu dute parte, tartean, Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarra. Bost altxaldirekin, seigarren egin du. Gorka Etxeberria ortzaitarrak ere bost altxaldi eman dizkio harriari, baina Guztak baino gutxiago pisatzen duenez, sailkapenean aurretik jarri da. Aimar Galarraga izan da garaile hamar jasoaldirekin.
Harri baldarra da Baliarraingoa. Ibiur urtegitik atera zuten, eta 158 kilo pisatzen ditu. Harri luzexkoa da, helduleku askorik gabea. Antolatzaileak gustura amaitu dute azken emaitzarekin: “Espero baino jende gehiago hurbildu da ikustera, eta lehia ere estua izan da”, adierazi du Jokin Garmendia antolatzaileak. Aurrerago ere berriro txapelketa antolatzeko asmoa dute, baina ziurrenik bi urtez behin egingo dutela azaldu du Garmendiak.