Talo usaina Igartza jauregian
Talo ikastaroa egin dute gaur Igartza jauregian. Aurretik eraikina eta bere inguruko historia ikasi dute gerturatutakoek.
*Ikusi argazki guztiak hemen
Aurretik, Igartza jauregiaren historia ezagutu dute. Ibilbide luzea du jauregiak, hamaika pasarte gertatu dira pareta horien artean. XIII. menderako bazen jauretxe bat Oria ibaiaren alboan, baina 1420. urtean eraitsi egin zuten Ahaide Nagusien arteko borroken ondorioz. Igartzako Mariak aukera baliatu zuen, aitzinako pilareen gainean, egungo jauregia eraikitzeko. Beheko solairua harlanduz egina dago eta goiko solairuek egurrezko egitura dute gehienbat. Patioa zabalik du. Oso ezohikoa da halakorik Euskal Herrian, euriak deserosoa egiten duelako. Argi ez dagoen arren, baliteke Gaztelako modak eraginda utzi zuela patioa zapairik gabe Mariak. Urte loriatsuen ostean, beheraldia etorri zen. Indar fabrika lur berberean eraiki zuten, eta ahaztuta gelditu zen Igartza jauregia. Pentsa, jauregiko errotara ura eramateko ibaian gorago zegoen presa sedimentuek jan zuten, eta 1983. urtean kasualitatez agertu zenean, ustekabekoa eraman zuten beasaindarrek. Azken urteetan, berreskuratze lan handia egin da jauregiaren inguruan. Egun, bisitatzeko toki ederra da, eta denetariko ekintzak egiten dira bertan.