Jon Maya dantzariaren ‘Antiguan Orain’ ikuskizunarekin hasiko da aurten Antioko Musikaldia
Antioko Musikaldiaren 35. edizioa larunbat honetan hasiko da, Jon Maya dantzariaren Antiguan Orain ikuskizunarekin. Aurtengo irailak bost larunbat ditu eta, beraz, ohi baino emanaldi bat gehiago egongo da. Musikaldia urriko
Antioko Musikaldiaren 35. edizioa larunbat honetan hasiko da, Jon Maya dantzariaren Antiguan Orain ikuskizunarekin. Aurtengo irailak bost larunbat ditu eta, beraz, ohi baino emanaldi bat gehiago egongo da. Musikaldia urriko lehen larunbatean amaituko da, urtero bezala, Ezkioko Igartubeiti baserrian. Antioko saioak 19:30ean hasiko dira eta autobusa 19:00etan irtengo da Elizkaletik. Ezkiokoa, berriz, 18:00etan izango da. Autobusa 17:30ean irtengo da.
Larunbat honetan Antiguan Orain ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Bertan, herri musika, dantza eta kantagintza uztartzen dira: aitzinakoa eta oraingoa. Antioko baselizan aurkezteko emanaldi berezi bat da, inoiz taularatu gabea.
Thierry Biskary abeslariak (Kalakaneko kidea), Iñaki Salvador piano eta soinu jotzaileak eta Kukai taldeko Alain Maya, Eneko Gil, Ibon Huarte, Jon Maya, Martxel Rodriguez eta Urko Mitxelena dantzariek parte hartuko dute. Zuzendari lanak Jon Mayak egingo ditu.
Irailaren 8an Sigma Project saxofoi jotzaile taldea arituko da, Cecilia Bercovich biolin jotzailearekin. Talde hau hamargarren urteurreneko bira egiten ari da. Azken hilabete hauetan Amerikako, Afrikako eta Europako hainbat herrialdetan jo dute.
Antion, Philip Glass konpositorearen String Quartet 5 eta Leonard Bernsteinek West Side Story pelikularako konposatutako kantak joko dituzte.
Irailaren 15ean Musica Boscareccia kamera musika taldeak Haendel eta Scarlattiren lanak eskainiko ditu.
22an Zuhainpeko Soinuak taldeak joko du. Beraien helburua ahozko transmisioaren garrantzia azpimarratzea da. Talde honetako kideen artean Juan Mari Beltran eta Jean Mixel Bidexagar ezagunak daude.
Antioko azken emanaldia irailaren 29an izango da. Kup abesbatzaren txanda izango da. Abesbatza honek hainbat lehiaketa irabazi ditu herrialde ezberdinetan.
Igartubeitiko emanaldia
Bukatzeko, urriaren 6an Alos Quartet hari laukoteak Ezkioko Igartubeiti baserrian joko du. Talde honek Kepa Junkera, Oskorri, Carlos Nuñez, Oreka TX, Ken Zazpi eta Bide Ertzeanekin jo du, besteak beste. Datorren urtean 20 urte beteko dituzte eta ordurako ikuskizun berezi bat prestatzen ari dira.
Musikaldia atzo aurkeztu zuten, Zumarragan eta Donostian. Zumarragako ekitaldian Mikel Serrano alkateak parte hartu zuen eta Donostiakoan, alkatearekin batera, Denis Itxaso Kultura diputatuak parte hartu zuen. Aitor Imaz (Kup), Juan Mari Beltran (Zuhainpeko Soinuak) eta Xabier Zeberio (Alos Quartet) musikariak ere bertan izan ziren.
Itxasok eta Serranok egitarauaren kalitatea eta barietatea azpimarratu zituzten. Antioko baselizaren edertasuna eta akustika bikaina ere goraipatu zituzten.
Zeberioren taldeak Igartubeitin joko du, ordea. «Antioko baselizaren edertasuna goraipatu duzue, baina Igartubeiti ez da atzean gelditzen. Sekulako tokia da. Gure azken diskoan (Garden) oinarritutako emanaldia izango da. Orain arte areto handietan aurkeztu dugu batez ere eta oraingoan modu akustikoan aurkeztuko dugu, ikusleengandik gertu. Eskertzekoa da».
Imazek 2012an ere Antion abestu zutela gogoratu zuen. Oraingoan musikaren historia errepasatuko dutela esan zuen.
Beltranek Iparraldeko eta Hegoaldeko musika eskainiko dutela eta taldea belaunaldi ezberdinetako lagunek osatzen dutela aipatu zuen. «Nahasketa bat da. Ikusi ez baduzue, gerturatu zaitezte. Merezi du. Magia gehi magia».