Egoeraren diagnosia egin eta gero, datorren astean mahai bat osatu eta lantaldea lanean jarriko da ekintzak elkarlanean egiteko
Legazpiko udalbatzak merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plan berezia onartu zuen. Datorren astean lantalde bat lanean hasiko da planak bildutako diagnositik eta ekintza lerroetatik abiatuta, elkarrekin egitasmoak sortzeko. Izan ere, planak kontsumitzaileak beste merkatarien esperientziak eta ahotsak behar ditu, baita haien hauspoa ere.
Planaren barruan asko dira Ikerpartners enpresak 2017tik bildutako datuak. Abiapuntua, Eric Galvez zinegotziaren hitzetan, honakoa izan zen: «Udal gobernura iristean 2008tik 2015era komertzioaren %25,7 eta ostalaritzaren %23 desagertu zirela jabetu ginen. Batik bat, krisiaren, errelebo faltaren eta kontsumo aldaketen ondorioz gertatu zela ondorioztatu genuen».
Gaur-gaurkoz Legazpin 141 merkataritza gune daude, horietatik 104 dendak dira eta 37 ostalaritza espazioak. Nabarmentzekoa da merkatarien %23 55 urtetik gorakoak direla eta %58,3k ez dutela negozioa beste inoren esku utziko dutenaren aurreikuspena. Internet bidezko kontsumoa, legazpiar bakoitzeko, 595 eurokoa izan zen iaz; adinean aurrera doazenak dira Internetez gutxien erosten dutenak. Kontsumo gastu osoaren %83, ostalaritza barne, Legazpin egiten da. Legazpiarrek 10 puntutik 7,75 eman dizkiote bertako merkataritzari eta euskaraz erosketak egin ahal izatea ongi baloratu dute.
Datu horiek guztiak eskuan, lan eskema bat osatu zuten zeinaren ardatz nagusiak bi diren: alde batetik, bezeroa merkataritza sistemaren erdigunean kokatzea; bestalde, merkataritza zein zerbitzuen arteko uztartze estrategiak sustatzea.
Aurreikusi dituzten ekintzen xedeak, besteak beste, ondokoak dira: merkataritza espazioa sendotzea eta lehiakortasuna hobetzea, Ilinti elkartearen rola indartzea, ekintzak sustatzea non animazioa eta dinamizazioa ardatz hartuko dituzten, kolektibo ezberdinei zuzendutako ekintzak bultzatzea eta zerbitzuak eta merkataritza ekintza berberetan uztartzea.
Merkataritzaren plan bereziak jaso dituen datuak, helburuak eta ekintza lerroak eskuan, zer diote Legazpiko merkatariek? Alberdi arropa dendako Itziar Alberdik dioenez, «oso inportantea da gure bezeroei esatea haiek gure dendetan egiten dituzten erosketei esker bizi garela». Alberdi 1956tik zabalik dago arropa denda gisa. «Gure eremua modarena da eta hor egoera asko aldatzen ari denik ezin da ukatu, ohiturak aldatzen ari dira, baina gure bezeroen leialtasunari azpimarra egin behar zaio». Dendariek egiten duten ahaleginaz ere mintzatu da, «egunero saiatzen gara gure dendak dinamikoak, modernoak eta eskaintza eguneratua izan dezaten».
Merkatarien ahotsak
Carlos Villalbak estankoa dauka Laubide auzoan eta Ilinti elkarteko lehendakaria da: «Gure aldetik, planaren gainean proposamenak egin ditugu. Datorren astean elkartuko gara eta merkataritza mahaia osatuko dugu. Nola hobetu, egin beharreko lanketak, zer egin merkataritza suspertzeko… Egia da ohiturak aldatzen ari direla eta jendea erosteko gehiago mugitzen dela».
Villacortak merkataritza plana begi onez ikusten du, «begirada zabaldu eta indarrak metatzeko aukera bat da». Villacortaren estankoaren ondoan dago Kaixo taberna, eta hango ugazaba da Nikolas Fernandezek dionenez, «guk aurretik beste taberna bat izan genuen eta itxi behar izan genuen, orain hemen lanean ondo ari gara. Esango nuke Legazpin zer edo zer mugitzen ari dela, eraikinen aurrealdeak berritzeko jarrita dauden aldamio guztiei erreparatu besterik ez dago. Gu Laubiden gaude eta gure auzoan ere ekintzak egitea aldarrikatuko nuke».
Begoña Mujikak Alkain elektronika denda dauka Laubide auzoko kale nagusian. Planean lanerako puntu interesgarriak sumatzen ditu eta plana «beharrezkotzat» jotzen du, «merkatarion partaidetza eta gure ideiak airean gera ez daitezen nahiko nuke». 31 urte dira denda zabalik dutela; salmentaz gain konponketa eta instalazioa egiten dute: «Salmenta soilarekin ezingo genuke aurrera egin».
Planak merkataritzaren hauspoa izateko bokazioa dauka, plana pertsonarik gabe, baina, ez da ezer. Erosleak soilik ez, erakundeak bakarrik ere ez, merkatarien eta ostalarien indarra ezinbestekoa da planak aurrera egin dezan.