Irteera puntuan 30 talde eta 200 txirrindulari inguru izango dira. Ampo taldeko hamabi goierritarrek parte hartuko dute. Bihartik aurrera ezingo da Gernika pasealekuaren atzean aparkatu

Ampo taldeko junior mailako txirrindulariak.
Iraileko azken astean Innsbrucken (Tirol, Austria) jokatuko diren txirrindularitzako munduko txapelketaren aurreko junior mailako klasika jokatuko da larunbatean Beasainen, 37. Beasain proba. Nafarroa Etorbidetik 10:00etan abiatuko dira txirrindulariak eta 122,5 kilometro Goierriko errepideetan osatu ondoren, 13:00ak aldean iritsiko dira lehenengo txirrindulariak. 29. kilometroan hirugarren mailako Altzo mendatea igo beharko dute, 85. eta 116. kilometroetan hirugarren mailako Olaberri eta 105. kilometroan, bigarren mailako Mandubia. Beasaingo tarteko helmugatik bi aldiz igaroko dira, 82. kilometroan (12:00etan) eta 92. kilometroan (12:18ean).
Ia 200 txirrindulari
Antolatzaileen esanetan, ia 200 txirrindulari izango dira irteera puntuan, 30 bat talde: «Espainiako 15 talderik garratzitsuenak etorriko dira eta Euskadiko denak». Ampo taldeko Goierriko hamabi txirrindulari ere bertan izango dira, bi taldetan banatuta: Aimar Aiestaran, Aitor Garmendia, Xabier Berasategi, Arkaitz Sukia, Jon Arakama, Iraitz Mendizabal, Mikel Barandiaran, Jokin Izagirre, Aritz Urra, Iñaki Maiz, Iker Barandiaran eta Enaitz Aierbe.
Aparkatzea debekatuta
Larunbateko txirrindu proba antolatzeko beharrezkoak diren prestaketak egiteko, bihar, goizeko 07:00etatik aurrera, Gernika pasealekuan (frontoiaren atzealdean), ilaran eta zeharka dauden aparkalekuetan ibilgailua aparkatzea debekatuta egongo da.