Festak eta kirolak bat egingo dute igandean Beasainmendin
Bihar herri afaria eta mus txapelketa izango dituzte. Igandea izango da egun handia;. Juan Bautista Elustondo omenduko dute. Usurbeko Igoera jokatuko da 11:30ean
Irailaren lehenengo asteburuan, Usurberen magalean, Agortan izaten da festarako aukera, Beasainmendiko elkarteari esker. Honela, Beasainmendiko festak emango dio hasiera Beasaingo auzoetako festen egutegiari: irailaren 7tik 9ra Igartza-Loinatz auzoko festak izango dira eta 14tik 16ra, Arana-Bideluzekoak.
Larunbatean, festa gunearen prestaketa lanak egin ondoren, 21:00etan, herri afaria eta auzoko mus txapelketa jokatuko dituzte auzotarrek.
Igandean 08:00etan suziriek iragarriko dute urteroko festa iritsi dela. 10:45ean, herri meza egingo dute Usurbeko gurutzean, trikitilariek eta bertsolariek lagunduta. 11:30ean Andre Mari elizaren aurretik abiatuko dira Usurbeko Igoerako korrikalariak eta 11:50a aldera iritsiko dira lehenengoak. Aizkorri Mendizale Elkarteko mendizaleak ere ordu inguru horretan iritsiko dira Agortara. Eguerdi partean, 12:00etan, Ansorregi eta Larrañaga trikitilarien saioa hasiko da eta ondoren, Mikel Mendizabal eta Sebastian Lizaso bertsolariena.
Omenaldia
Omenaldien txanda iritsiko da 13:00etan. Olazahar baserriko Juan Bautista Elustondo omenduko dute aurten. 1949ko azaroaren 30ean jaioa da Elustondo, eta hiru senideetan zaharrena da. Haurtzaroan Eskola Nazionaletan ikasi zuen eta ondoren, ikasketak amaitu ondoren, baserrian jarraitu zuen lanean.
Elustondok oparia eta omenaldia jaso ondoren, Jokinen oroimenean, aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egingo dute oroitarriaren aurrean.
Herri kirolak eta bazkaria
Herri kiroletan, 13:30ean hasita, Iñaki Azurmendi eta Joxe Mari Olasagasti aizkolariak, eta Marti, Mujika, Urdangarin eta Garmendia herriko harri jasotzaile gazteak ariko dira. Ordubete beranduago, 14:30ean, herri bazkaria egingo dute. Bazkarirako txartelak Arrano tabernan (943 88 74 47) edo Iñaki harategian (943 88 27 47) eros daitezke. Arrain zopa, txekor saiheskia, txuleta eta fruta izango dute menuan. Txartelak 34 euro balio du; haurrenak, 10.
Arratsalde partean, 17:00etan haur jolasez gozatzeko aukera izango dute txikienek. Eta egunarekin amaitzeko, erromeria izango da Ansorregi eta Larrañaga trikitilariekin.
Usurbeko Igoera ere jokatuko da, 11:30ean hasita
Korrikak ere izango du tartea Beasainmendiko jaietan: Usurbeko Igoera lasterketa, 11:30-ean hasita. Andre Mari eliza aurreko aparkalekutik hasi eta Agortarainoko maldan gora, 4,7 kilometro egin beharko dituzte korrikalariek. Parte hartzaileek www.herrikrossa.eus webgunean eman dezakete izena 10 euro ordainduta. Egunean bertan, 10:00etatik aurrera, ere egongo da izena emateko aukera; kasu horretan, 12 euro ordaindu beharko dituzte korrikalariek. Helmugara lehenengo iristen diren gizonezkoak eta emakumezkoak 120na euro eta txapel bana jasoko dituzte; bigarren iristen direnek 70na euro eta hirugarren sailkatuek 50na euro. Herriko lehenengo gizonezkoarentzako eta emakumezkoarentzako sari berezia izango da zain . Oier Ariznabarretaren marka (20 minutu eta 44 segundo) hobetzen duenak 80 euro jasoko ditu. Emakumezkoen errekorra Amaia Insausti olaberritarrak du jarria: 25 minutu eta 58 segundo. Lasterketaren amaieran, parte hartzaile guztiek hamaiketakoa eta kamiseta bana jasoko dute.












