Ampo Ordiziak aurredenboraldiari ekin dio
Hiruko txapelketa jokatu du Gernika eta Biarritz taldeen aurka
Lau hilabeteko hutsunearen ondoren, goierritarrek errugbi gosea asetu ahal izan dute gaur arratsaldean Altamirako anexoan, bertan etxeko taldea, Ampo Ordizia, eta goi mailako beste bi talde lehian ikusteko aukera izan dutelako: Bizkaia Gernika eta Biarritz Olympiqueko promesak (spoirs).
Harmailak zaletuez beteta zirela, hiruko txapelketa jokatu dute hiru taldeek. Lehen partida Miarritzekoek eta gernikarrek jokatu dute, eta 21-0 irabazi dute Biarritz taldekoek. Bigarrena Ordizia eta Biarritzen artean izan da, eta ordiziarrak izan dira nagusi, 26-24 irabazita. Hirugarrena ere etxekoek irabazi dute gernikarren aurka: 19-14.
Goierriko zaleek taldera iritsi diren hainbat jokalari ikusteko aukera izan dute. Horien artean, bueltan diren ezagun batzuk: Ekaitz Sadaba eta Asier Arretxea aurrelariak eta Phil Huxford hiru laurdeneko lerroan. Jokalari berriei dagokienez, berriz, Coert Cronje ordezkatuz etorri den Joubert Engelbrecht hegoafrikarra. Bigarren lerrorako fitxatu den Kawa Leauma eta Sio Moala ez dira iritsi Ordiziara oraindik.
Liga Ordizian bertan hasiko du Ampo Ordiziak, irailaren 16an. Santboiana izango du lehen aurkaria.