36ko Gerran hildako olaberritar baten gorpua aurkitu dute Lizarrustin
Nafarroako Gobernuak berri eman duenez, 36ko Gerran hildako gazte bat deshobiratu dute Lizarrustiko portuan, Etxarri-Aranatzeko lurretan. Gorpua, 1936ko abuztuaren 22an fusilatu zuten 17 urteko olaberritar batena izan liteke. Gorpuarekin batera lurperatuta, alpargata zuri parea eta hainbat balazorro aurkitu dituzte.
Larunbatean egin zuten aurkikuntza, eta hezurrak Nafarroako ADN Bankura eraman dituzte, behar bezala aztertzeko. Nafarroako Gobernuaren Deshobiratze Programaren barruan, eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, 75 gorpu berreskuratu dituzte, eta 21 pertsona identifikatu eta gorpuzkinak familiei itzuli dizkiete.
Gorpua bilatzerako garaian, “ezinbestekotzat” jo dute Francisco Lakuntzak emandako testigantza; gertakarien garaian 6 urte besterik ez bazituen ere, gogoan du nola gorpua haruntzaino eraman zuten. Familiak ere, urteak zeramatzan non egon zitekeen aztertzen eta datuak biltzen.