1936ko gerraren hasieran abertzale izateagatik bahitu eta fusilatu zuten Marcelo Lasa Zeberio olaberritarraren gorpuzkiak atera dituzte lurpetik, Lizarrustin. Patxi Lakuntzaren testigantza funtsezko izan da.
Munduate sendikoak igandean, Marcelino Lasa senidearen gorpua aurkitu zuten hobiaren ondoan.
Marcelo Lasa Zeberio zuen izena. Olaberriko Bengoetxegarakoa baserriko semea, 17 urte. Abertzalea izatea eta «herrikideen ezinikusiak» nahikoa izan ziren hil zezaten. Lizarrustin erail zuten 1936ko abuztuaren 25ean, eta bertan lurperatu. Hiltzaileak, olaberritar bat eta ataundar bat izan ziren.
Herenegun atera zituzten lurpetik Marcelo Lasaren hezurrak, Lizarrustiko 47. kilometro puntuan, Quifosaren goialdeko bihurgunetik basoan pixka bat barneratuta, Etxarri Aranazko barrutian (Nafarroa). Duela bi urte,
El pueblo vasco frente a la cruzada franquista liburuan (1961) topatu zuten hilketaren aipamena Munduate familiakoek, Lasaren ondorengoek. Patxi Lakuntza Larraza etxarriarrak adierazi die gorpuzkiak zeuden toki zehatza.
Urriaren 12an egin zuten lehen prospekzioa, Lakuntzarekin joanda. Lau balazorro eta hiru bala aurkitu zituzten, Sevillan 1935ean eginak, Mauserrentzat.
Patxi Lakuntza —Quifosaren etxe luzean jaioa, handik 80 metrora—, lurperatzearen lekuko izan zen, sei urterekin. Etxe azpiko errekan arrantzan zebilen, aitarekin eta osaba batekin, tiroak entzun zituztenean. Aitak etxeratzeko agindu arren, goiko bihurgunera joan, basoko xendan barneratu, eta bi gizonekin topo egin zuen; lurrean, mutil bat, xendan luze, hilda. Bi hiltzaileek xendatik goraxeago lurperatu zuten Lasa, eta bi elorri adar jarri zituzten lur pilaren gainean, piztiek ez uxarkatzeko.
Sentimendu gazi-gozoak
Arkeologoak, erabilitako armen erreplikak erakusten.
Lasaren ondorengoak exhumazioan izan ziren, herenegun. Nafarroako Gobernuko Ana Ollo kontseilaria eta Josemi Gaston Memoria Historikoaren zuzendaria, Etxarri Aranazko alkate Eneka Maiz, eta Arantzadi zientzia elkarteko lehendakari Francisco Etxeberria (indusketaren egileetakoa) ere han ziren. Lakuntzak ezin izan du joan, oso gaixorik dagoelako.
«Gure helburua jakitea da, ez inor akusatzea», argitu du Joxe Angel Munduatek. «Poza» sentitu dute; «oso hunkigarria» da. «Baina gure aurrekoek zer sufrituko zuten gogorapena ere badugu. Gurekin bizi zen osaba Angelek —Marceloren anaia— ez ikusi izanaren pena ere bai. 2013an hil zen. Hark kontatu zigun gehien historia, malkotan».
Olaberriko frankistek antolaturiko «sarekada» baten biktima izan zen Lasa, familiaren iritziz.
Gorpua 50 bat zentimetroko sakoneran zegoen, bala-zorroak topatu zituzten lekutik 12 bat metrora. Hezur handienak baizik ez dira agertu. Graziako tiroaren bala herenegun atera zuten, 7,5 milimetrokoa, pistolarena.
Duela 82 urteko lekukoen arabera, bi hiltzaileek eta preso zeramatzaten hiru gaztek Lizarrustiko Isabelen Bentan bazkaldu zuten, egun hartan. Etxekoandreak kargu hartu zien bi frankistei, bi gazte ezagutzen zituela, ez zutela ezer egin eta nora zihoazen. «Hauek hil egin behar dute», erantzun zioten.
Itxura denez, bentatik irteterakoan beste bi presoak libre utzi zituzten. Marcelo, Lizarrustin beherago eraman, eta hil zuten. 82 urte geroago «osatu» da zikloa. «Bukatu, ez. Gu bizi garen artean ez da bukatuko».
Etzegaraten fusilatzetik ihes egin zuen, lehenago
Bengoetxegarako Lasa Zeberio sendia. Marcxelo zuriz zutik, erdian, 4 urterekin.
Mutil «bizia eta mugitua» zen Marcelo Lasa Zeberio, 17 urterekin. Olaberriko Batzokian ibili ohi zen. Udaletxeko ganbaran kokatua zegoen egoitza, eta Zirkulu Karlista jarriko zuten gero. 1936ko gerra piztu zenean, batzokian atxilotu eta Etzegaratera (Idiazabal) eraman zuten, lehenik. Fusilatzekotan zirela, petriletik behera bere burua bota, eta ihes egin zuen, basoan barrena. Etxera itzuli zen, mailatuta; batzuek diote Idiazabalgo baserri batean egun batzuk egin zituela.
Gertaeraren berri zabaldu ondoren, Marceloren ama Francisca Zeberiori herrian esan zioten etxean ondo gordetzeko semea. Gau hartan bertan, 1936ko abuztuaren 24tik 25erako 02:00etan, soldaduak Bengoetxegarakora joan zitzaizkion bila.
Lo zegoen gelatik ganbarara, eta teilatuko lata altxatuta, aldameneko baserrira igaro zen Marcelo, ihesean. Belar pilan ezkutatu zen, baina etxeak inguratuta zeuzkatenez, bost soldaduren artean harrapatu zuten.
Marceloren ama Franciscari eta 13 urteko arreba Mariari ilea arrasean moztu zieten soldaduek, etxeko atarian bertan. Semea eta senidea azkeneko aldiz ikusi zuten. Errepresioa ez zen hilketarekin bukatu sendikoentzat; isunak, auzitegira deiak eta jazarpena zigor gehigarri izan zen, geroago ere.