Aurtengoa, gazta lehiaketaren 45. edizioa izango da eta 50etik gora gaztandegik parte hartuko dute. Lehen sektorea babesteko deia egin diete kontsumitzaileei
Egutegian gorriz agertzen den eguna izango da biharkoa ordiziarrentzat. Euskal Jaietan murgilduta daude eta biharkoa izango da egun handia. Urtero bezala, aparteko azoka eta latxa edo Karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta lehiaketa egingo dituzte, besteak beste. Aurtengoa, lehiaketaren 45. edizioa izango da. Ordiziako Udalak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak gainera, Mikel Zeberio Antia gastronomoari aitortza egingo diote, Ordiziako Gazta Lehiaketaren zabalkundean eta epaimahaian hainbat urtetan egindako lanagatik eta berriki lortu duen kazetaritza jardun onenari eskainitako Espainiako Gastronomia Saria dela eta.
Pasa den ostiralean egin zuten aurkezpena Gipuzkoako Foru Aldundian eta bertan izan zirenXabier Arruti (Nekazaritza eta Landa Garapen Zuzendaria), Bittor Oroz (Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordea), Jose Miguel Santamaria (Ordiziako alkatea), Miriam Molina (Idiazabal Jatorri Izendapeneko gerentea), Ander Aizpurua (Kutxa Fundazioko ordezkaria eta Jose Mari Goenaga (zinemagilea), beste batzuren artean.
Sektoreari babesa
Beste behin ere, «lehenengo sektorearen garrantzia» nabarmendu zuten prentsaurrean agertu zirenek. Arrutik garbi utzi zuen biharko aparteko azoka eta gazta lehiaketa, «lehenengo sektorean jarduten duten guztien lana balioan jartzeko eguna» dela eta «jende horrek guztiak urte osoan zehar egiten duen lanaren erakusleiho ere» badela.
Horren harira, Ordiziako alkate Jose Migel Santamariak esan zuenez, «lehenengo sektorean jarduten dutenen lanak aurrera egin dezan, erosleen konpromisoa behar-beharrezkoa da». Gainera, Euskal Jaien inguruan antolatu dituzten ekitaldien errepasoa ere egin zuen alkateak: «abuztuaren 29an hasi eta irailaren 9ra arte iraungo du Euskal Jaietako egitarauak. Urteroko ekitaldiei, beste hainbat ere batu zaizkie aurten. Besteak beste, datorren larunbatean, irailaren 8an, Euskadiko 12. Soinu Zahar Txapelketa eta Euskadiko 38 Gipuzkoar Aurresku Txapelketa egingo dira lehenengo aldiz Ordizian».
Gazta txapelketarekin zer ikusia duen berrikuntzarik ere bada aurtengoan: «Edizio honetan, aurre dastaketaren ondoren sailkatuak diren 14 artzainek finalistaren diploma bana jasoko dute».
Gazta txapelketarekin jarraituz, Miriam Molinak «aurten 50etik gora gaztandegik parte hartuko» dutela esan zuen. Iaz, 45 izan diren.
Produkzioa egonkortu da
Urteko gazta produkzioa «azken urteotan egonkortzen ari» dela nabarmendu zuen Molinak. «Eguraldia ez dute lagun izan eta antzeman da. Dena den, kopuru oso ona da aurtengoa, 1.320.000 kilo gazta produzitzea baita aurreikuspena».
Gaztandegiei dagokienez «iazko gaztandegi kopuru berbera dago Idiazabal denominazioaren barruan, 122», argitu zuen Molinak.
Jarraian, Bittor Orozek hartu zuen hitza. Orozek, «2013 urtean gazta produkzioak behea jo ondoren, azken urteetan berriro gora egin» duela argitu zuen eta une honetan «kopurua egonkortu» dela nabarmendu zuen.
Azkenik Kutxa Fundazioko ordezkari Ander Aizpuruk, «Kutxak Ordiziako Gazta Txapelketarekin kolaboratzen duen 44. urtea» izango dela gogorarazi zuen.
Joxe Mari Goenaga zinemagilea, epaimahaikide
Ordiziako Euskal Jaietako gazta txapelketan, ia 30 lagunek osatuko dute epaimahaia. Gaztaren inguruko aditu, sukaldari eta kazetariez gain, gonbidatu bereziak ere izan ohi dira tartean. Aurten, horien artean izango da Joxe Mari Goenaga zine zuzendari eta gidoilari ordiziarra. Moriarti Produkzioak ekoiztetxearekin egindako azken filmek, tartean
Loreak eta
Handia, izandako arrakasta aitortu nahi diote horrela.
EGITARAUA
Gaur, asteartea
· 17:00. 28. Gastronomia topaketa, III Belaunaldien arteko sukaldaritza txapelketa eta Goierriko Odolki Onenaren 24.?Dastaketa-lehiaketa, Plaza Nagusian.
· 18:30. Ordiziako?Azen erraldoi konpartsaren irteera, trikitilariek eta txarangak lagunduta.
· 19:00. Arabako Errioxako ardo postuen irekiera, zuhaiztian.
Bihar, asteazkena
· 09:00. Azokaren irekiera. Ordiziako txistulariak eta trikitilariak, Tolosako dultzaineroak eta Zumarragako Trikitixa kalez kale.
· 09:00. Ordiziako Idiazabal?Gazta Kofradiakoen eta artzainen desfilea, D’elikatuzetik pilotalekura, lehiaketako gaztak eramateko.
· 10:00. Gazta, ganadu, lumagorri, perretxiko, fruta eta barazkien erakusketa eta lehiaketak.
· 11:00-14:00. Euskal Photocall-a, Foru pasealekuan.
· 12:00. Fruta, barazki eta perretxiko lehiaketen sari banaketa, Jose Migel?Barandiaran plazan.
· 12:30. Ganadu eta Lumagorri lehiaketen sari banaketa, Garagartzan. Segidan, bertsolariak, dultzaineroak eta trikitilariak.
· 13:30. Gazta lehiaketaren sari ematea eta enkantea, pilotalekuan.
· 17:30. Profesionalen arteko esku pilota partidak,?Beti-Alain:
-Arteaga-Eskiroz/Laso-Erasun
-Olaizola II.a-Imaz/Irribarria-Albisu.
· 18:00. Bisita gidatua D’elikatuzetik abiatuta.
· 19:30. Herri kirolak, Jose Migel?Barandiaran plazan: aizkolariak, harri-jasotzaileak, txingak…
Osteguna
· 18:30. Pisuak eta neurriak erakusketan bisita gidatua.
Ostirala
· 22:00. Kafkaren aulkia, Herri Antzokian.
Larunbata
· 11:00-13:30, 16:30-20:00. haurrentzako parkea, Beti Alai pilotalekuan.
· 18:30. Euskadiko 12. Soinu Zahar Txapelketa eta Euskadiko 38 Gipuzkoar Aurresku Txapelketa, Plaza Nagusian.
· 19:00. Sagardo eguna, Zuhaiztian.
Igandea
· 12:00. Lazkao Txiki Bertsopaper lehiaketaren sari banaketa, Barrenan