Beasainen IV. Euskal Herriko Txapelketa Herrikoiaren lehenengo final aurrekoa jokatuko da; herritarrak izango dira epaile. Ordizian Sagardo Eguna ospatuko dute

Sagardogileak 2018ko uztarekin sagardo berria egiten hasten diren garai honetan, botilaratutako sagardoa edateko «une aparta» da. Hori dela eta, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak egitarau oparoa antolatu du irailerako. Goierriren kasuan, larunbatean, bi hitzordu izango dira: Beasainen eta Ordizian.
Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiaren 4. edizioa jokatuko dute aurten, eta finalaurreko lehen saioa Beasainen jokatuko da. Beste hirurak Goizuetan (Nafarroa), Oñatin eta Urnietan izango dira. Finala, irailaren 29an izango da Usurbilen (Gipuzkoa). Beasaingo kasuan, 14:00etatik aurrera, Gernika pasealekuko pilotalekuan bazkaltzeko elkartzen diren guztien artean, sagardoak dastatu eta 5-10 tarteko puntuak emango dituzte. Euskal Herriko hemezortzi herritako 41 sagardotegik hartuko dute parte aurtengo txapelketan; tartean izango dira Zeraingo Oiharte, Altzagako Olagi eta Ordiziako Tximista.
Finalaurreko bakoitzeko lehen bi puntuazio altuenak dituzten sagardotegiak zuzenean pasako dira finalera, eta gainerako sagardoak puntuazioaren arabera. Finalaren ondoren bakarrik jakingo da finalistak zein izan diren eta zein puntuazio lortu duten.
Bazkaltzera doan edonor izan daiteke epaimahaikide, bere botoa emanda. Bazkarian parte hartu nahi dutenek, bazkarirako txartelak hartu beharko dituzte aldez aurretik, Basakana, Plazape, Batzokia, Xerbera eta Antzizar tabernetan; 26 euro balio du txartelak. Bazkariko menua ondorengoa da: Basatxerri urdaiazpikoa eta txorizoa, entsalada, ajoarrieroa, xolomoburua eta postrea.
Ordizian, Sagardo eguna
Ordizian, berriz, Euskal Jaien barruan, 19:00etatik 21:00etara, Zuhaiztian, Sagardo Eguna egingo dute. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardoak dastatzeaz gain, sagardogileek herritarrekin topa eginez argazkia aterako dute, 20:00etan.
Bestalde, sagardotegiko garai bateko giroa gogoraraziz, bolatokia jarriko dute Gipuzkoako Bola eta Toka federazioaren laguntzarekin.