San Gregorio auzoa, bost egunez galai
Ataunen udako azkeneko jaiak, 'sangregorioak', herenegun bukatu ziren, bost egunen ondoren. Askorentzat herriko festa «onenak», neurriari eutsi dio egitarauak, baita jende emanak eta giroak ere.Ostegun iluntzetik astelehen arratsaldera, festa giro er...
Ataunen udako azkeneko jaiak, ‘sangregorioak’, herenegun bukatu ziren, bost egunen ondoren. Askorentzat herriko festa «onenak», neurriari eutsi dio egitarauak, baita jende emanak eta giroak ere.
Ostegun iluntzetik astelehen arratsaldera, festa giro erabatekoa izan da San Gregorio auzoan, Ataunen. Garai bateko jendeketatik aparte samar, baina herri giroko jai dotoreak izan dira. Kontzertuek, mozorrotuek, kuadrilla egunak eta hamaika ekitaldik erakarri dute jendea.«Giro ederra egoten da San Gregorioko festetan. Lehen hobea agian, asto karrera eta erreka jaitsiera egiten zirenean. Baina, niretzat, Ataungo festarik onenak dira, dudarik gabe», zioen ostiralean sanmartindar batek.
Izan ere, auzo guztietako jendea batu da San Gregorion. Kuadrillen eguna lekuko. 125 bazkaltiar, Zelai frontoian, eta paella prestatzen, hiru auzoetakoak. Baita txosnan lanean ere.
Artadi eta Pelotazale elkarteak, Sutegi taberna eta plazako txosna izan dira geraleku. «Garai batean, sei-zazpi taberna izaten ziren festetan. Igande arratsaldeko herri kirol dema ikusgarria izaten zen, kuadrillen artekoa. Pikea egoten zen, gainera», gogoratu du auzotar batek. Supermerkatuko orgatxoekin ordezkatu dute lehenagoko asto karrera, bat barruan eta bi bultzaka.
Lehiaketetako emaitzak
Nesken pala partidan, Agirresarobe-Uriarte elorrioarrek 30-29 irabazi zieten Perlines-Urrestarazuri. Mutilen esku pilotan, Baztarrika-Elizegik 22, Zubiri-Garmendiak 19; eta Alberdi-Urangak 22, Zubizarreta-Aizpuruk 20. Ostiraleko mus txapelketa Iraitz Zubizarretak eta Eneko Arguedasek irabazi zuten, eta Adur Barandiaran eta Kepa Galparsoro bigarren. 10 bikote ziren.
Tokan, herenegun, Kaia Perlines eta Ekaitz Aierbe haurretan, eta Agustin Munduate larrietan izan ziren irabazle, Kepa Galparsoro eta Txuto Barandiaran gero.












