Andre Mari eguna ospatuko dute asteburuan Liernin
Bi eguneko festa ospakizunak izango dituzte asteburuan Liernin, Andre Mari eguna dela eta. Bihar, 11:30ean, meza izango da; eta egun osoan, Elustondo anai-arrebekin erromeria izango da. Igandean, berriz, goiza Segurako txistularien goiz eresiarekin esnatuko da. 09:30ean, 37. Lierniko Txirrindulari proba jokatuko da, Lierniko Txirrindulari elkarteak antolatuta. Gazteen mailako proba da eta probak bi zati izango ditu: batetik, 60 kilometroko lasterketa eta ondoren, erlojupeko proba, Seguratik Liernira bitartean. Txirrindu proba amaitzean meza nagusia egingo dute Lierniko ermitan.
Herri bazkaria
Mezaren ondoren, toka lehiaketa eta Miren, Agur eta Oier trikitilarien saioa izango dira. 14:30ean, herri bazkaria egingo dute, taldeka, bakoitzak etxetik eramandakoarekin. Herri bazkarira joan nahi dutenek udaletxera deitu behar dute izena emateko; gaur da azkeneko eguna. 18:15ean Iñaki Azurmendi-Xabier Zaldua eta Irati Astondoa-Nerea Sorondo ariko dira aizkoran. Erromeriarekin amaituko da eguna.