Udalak eskola-materiala eta arropa erosteko laguntza emango du
Zumarragako Udalak bizilagunei laguntzak emango dizkie eskolako arropa eta materiala erosteko. 30.000 euro banatuko ditu erosketak herriko dendetan egiten dituztenen artean. Helburua herriko merkatariei eta diru sarrera txikiak dituzten familiei
Zumarragako Udalak bizilagunei laguntzak emango dizkie eskolako arropa eta materiala erosteko. 30.000 euro banatuko ditu erosketak herriko dendetan egiten dituztenen artean. Helburua herriko merkatariei eta diru sarrera txikiak dituzten familiei laguntzea da.
Mikel Serrano alkateak eta Rosa Maiza Ekonomiaren Garapen, Tokiko Garapen eta Berrikuntza zinegotziak herritarrak lagundu nahi dituztela azpimarratu dute. «Eskolako arropa eta materiala herriko dendetan erostea nahi dugu, saltoki gune handietara edo Internetera jo beharrean».
Diru-laguntza 2003 eta 2012 bitartean (biak barne) jaiotako haurren gurasoei zuzendua dago. 40.000 euro azpiko diru sarrera duten familiek jasoko dute diru-laguntza. Familiaren sarrerak 27.000 eurotik beherakoak badira, 60 euro jasoko dute haur bakoitzeko. 27.000 eurotik gorakoak badira, berriz, 40 euro haur bakoitzeko.
Serranok eta Maizak familiek saihestu ezin dituzten gastu asko dituztela eta udalaren betebeharra horiei laguntzea dela gehitu dute.
Laguntza hauen onuradun izateko, irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean herriko dendaren batean egindako erosketaren tiketa aurkeztu behar da. Diru-laguntza arropa eta eskola-materiala herriko dendetan erostearen truke emango da: koadernoak, boligrafoak, margoak, konpasak, estutxeak, eskola-motxilak, batak, gorputz hezkuntzarako beharrezkoak diren arropa eta oinetakoak, betaurrekoak, lentillak…
Eskolako kuota, arropa eta oinetakoa arruntak, eguzkitako betaurrekoak, kirol jakin baterako materiala eta material informatikoa diru-laguntza hauetatik kanpo daude.
Eskaera aurkezpena
Laguntzei buruzko informazio gehiago nahi dutenek eta eskaera aurkezteko asmoa dutenek, udaletxeko Herriarren Arretarako Bulegora jo dezakete: 09:00etatik 14:00etara. Horretaz gain, zumarraga.eus webgunera (Tramiteak/Ekonomiaren Garapena atala) jo dezakete, 943 72 90 22 telefono zenbakira deitu edo zumarragarekin@zumarraga.eus helbide elektronikora idatzi.
Udalak ZumarragarEKIN programa abian jarri du ekonomia suspertzeko eta diru-laguntza hauek programa horren barne emango dira.