Belokiko gurutzearen festa Antion egingo da
Igandean, zumarragarrek Belokiko gurutzearen festa ospatuko dute. Gurutzea inoiz baino ederrago ageri da, udalak margotu egin baitu, baina ezingo dute gurutzeaz gozatu. Izan ere, igoera egoera txarrean dago eta festa
Igandean, zumarragarrek Belokiko gurutzearen festa ospatuko dute. Gurutzea inoiz baino ederrago ageri da, udalak margotu egin baitu, baina ezingo dute gurutzeaz gozatu. Izan ere, igoera egoera txarrean dago eta festa Antion egingo da. Inoiz baino zulo gehiago daude eta antolatzaileek datorren urterako bidea konpontzea espero dute.
Festa 11:00etan hasiko da: erromeria egingo dute trikitilariekin. Ondoren, 11:30ean, meza egingo dute azken urtebetean hil direnen alde. Ondoren, erromeriak jarraituko du eta hamaiketakoa banatuko dute Antioko interpretazio zentroko atarian.
Belokiko Lagunen Elkartekoek 800 txorizo eta tortilla pintxo banatuko dituzte festan parte hartzen dutenen artean. Ardoa eta ura ere emango dute.
Elkarte hau gurutzearen festa antolatzeaz eta Beloki mendia zaintzeaz arduratzen da. Helburuetako bat gurutzearen inguruan dauden pinuak botatzea da, gurutzea herritik ikusi dadin.
Gaia geldirik dago, baina egunen batean beraien ametsa betetea espero dute. Pinuak botatzen direnean, gurutzea argitzeko asmoa dute. Garai batean gurutzeak argia izan zuen eta gauetan herritik ikusten zen. «Benidormen halako gurutze bat dago eta ikusgarria da», esan du elkarteko Jose Roman Urkiolak.
Zumarragarren mendi kuttunak horrenbeste merezi du. «Herritar batzuk ia egunero igotzen dira. Leku polita da eta iristeko erraza. Guraso asko joaten dira haurrekin».